Markagailuan atzetik joango dira Hernaniko pelotariak Madalensorora

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 2a, 00:00

Oso desorekatuak izan ziren ostiralean Hernanin jokatutako hiru partiduak. Nagusietan bakarrik eskuratu zuen garaipena etxekoek. 

Ostiral arratsaldean jokatu zituzten Hernaniko kiroldegiko pelotalekuan Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final laurdenetako partiduak. Joaneko itzulia ez zuen nahi bezain ondo amaitu Hernanik; izan ere, Oiartzunen aurka jokatutako hiru partiduetatik bakarra irabaztea lortu zuen. 

Norgehiagoka desorekatuak izan ziren hirurak, eta horixe erakusten du bakoitzeko azken markagailuak. Kadeteetan Ekhi Osesek eta Manex Alberdik 22-3 galdu zuten; jubenil mailan Xuban Iturbek eta Oier Azpeitiak ere atzetik bukatu zuten norgehiagoka, 22-7 galduta; eta nagusietan 22-5 irabaztea lortu zuten Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak. Bistan denez, azken partiduan aritu ziren ondoen Hernaniko pelotariak. Lizeagak ohiko fidagarritasunarekin jokatu zuen, eta Apaolazak maisuki bukatu zituen tantoak.

Datorren ostiralean itzuliko partiduak jokatuko dituzte, Oiartzungo Madalensoro pelotalekuan. Hernaniarrak markagailuan atzetik iritsiko dira, baina aukerak izango dituzte finalerdietara sailkatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!