Bi sari lotu zituzten Lanbide Heziketako ikasleek auto elektrikoen Euskelec lehiaketaren 7. edizioan

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 2a, 00:00

Hernaniko Lanbide Heziketako kideak, Gasteizen.

Berrikuntza Saria eta Fabrikazio Aurreratuko Diseinuaren Sari Berezia eskuratu zituzten hernaniarrek. 

Emaitza bikaina lortu zuten Hernaniko Lanbide Heziketa ikasleek Euskelec txapelketaren zazpigarren edizioan. Hernaniarren lehenengo partehartzea zen aurtengoa, eta bi sari eskuratu zituzten Gasteizen: Berrikuntza Saria eta Fabrikazio Aurreratuko Diseinuaren Sari Berezia. 

Guztira 24 taldek hartu zuten parte txapelketan, eta ikasleek diseinatutako eta eraikitako ibilgailu elektrikoak aurkeztu zituzten. Ekimenaren helburua talde lana, sormena eta esperimentazio teknikoa sustatzea da. 

Ohar baten bidez, jasotako sarien zergatia azaldu dute Lanbide Heziketako kideek: «Berrikuntzari dagokionez, gure autoaren berezitasuna nabarmendua izan zen, 3D inprimatzeko tekniken bidez fabrikatutako transmisioa bezalako piezak gehitu genituelako. Fabrikazio Aurreratuko Diseinuaren Sari Berezia, berriz, erabilitako  fabrikazio teknika berritzaileengatik jaso genuen».

Egindako lanarekin oso pozik geratu dira ikasleak eta irakasleak, eta zentrotik nabarmendu dute maila eta espezialitate askotako ikasleen lana uztartzea lortu dutela, «elektrizitate edo mekanikako Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleetatik Goi Mailako Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko edo Fabrikazio Gehigarriko Espezializazioko ikasleetaraino». 

Lehenengo parte hartzean lortutako emaitza bikainarekin, hurrengo edizioetan jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!