Ostegunean inauguratuko du Enherkomek Zubipeko autokontsumo partekaturako instalazioa

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 2a, 00:00

Orain arte sortutako proiektuak garatzea da Enherkomen asmoa.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da aurkezpena, Zubipen bertan. Ondoren, mokadu baten bueltan hitz egiteko tartea izango da.

Datorren ostegunean, hilaren 6an, Zubipeko autokontsumo partekaturako lehenengo instalazioa inauguratuko du Enherkomek. Arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua futbol zelaian, eta aurkezpena egiteaz gain, sortutako komunitateak «egunerokoan eragiteko» duen gaitasuna aldarrikatu nahi dute Enhermeko kideek. 

«Merkatuaren logikatik kanpo, energiaren kudeaketa herritarren esku egon behar da; eredu energetikoa errotik aldatu behar da; eta, finean, burujabetza irizpidea aintzat hartuta, komunitateek izan behar dute ezinbesteko agente etorkizunean», adierazi dute. 

Aurkezpenak ordu-erdiko iraupena izango du, eta ondoren mokadu baten bueltan hitz egiteko aukera izango da. 

Hiru lan lerro nagusi zehaztu zituzten Batzar Orokorrean

Asteartean egin zuten Enherkomen urteko Batzar Orokorra, eta 2023ko jardueren errepasoa eta balorazioa egiteaz gain, 2024ko lanak zehaztu zituzten. 

Onartutako Kudeaketa Planean hiru lan lerro zehaztu zituzten, urte bukaerara bitartean garatzen joateko: kooperatibaren egitura formala egonkortzea, autokontsumo kolektiboko ekoizpen proiektuek duten garrantzia nabarmentzea, eta aurtengo aholkularitza zerbitzuak zehaztea. Horretarako, orain arte martxan jarri dituzten proiektuetan urratsak ematen jarraitzeko borondatea erakutsi zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!