«Etxegabetzeen etetea aldarrikatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Stop Desahucios eta Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak etxegabetze bat salatu dute Hernanin.

Hernanin urtetan alokairuan bizi ondoren, etxebizitza bat utzi behar izan du familia batek. Ez du irtenbide egonkorrik aurkitu, hainbat hilabetez saiatu ondoren. Bi heldu eta lau haurrez osatutako jatorri nigeriarreko familia bat kaleratua izan zen asteazkenean eta hurrengo gaua pentsio batean pasa behar izan zuten. Honen aurrean Kaleratzeak Stop Desahucios Hernani eta Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak, «etxegabetze guztien etetea aldarrikatzen dugu!».

Hernaniko etxebizitza egoera jasanezina dela gaur egun salatu dute: «Ez dago merkatuan alokairurik eta daudenak oso garestiak dira gehienontzat. Ez dago etxebizitza alternatibarik. Jabetzako etxebizitza eskuratzea ere gero eta zailagoa da. Ondorioz, familia zaurgarrienak etengabeko etxebizitza aldaketak, hazinamendua, infraetxebizitzetan bizitzera kondenatuak izaten dira. Zer esanik ez, etorkin familientzat; etxejabe eta higiezin agentzien filtro arrazistek etxebizitza bat lortzeko aukerak erabat murrizten dituzte».

Alderdi politikoak egoera batikotzen ari dira, promesa faltsuekin eta propaganda egiteko erabiltzen dute. Halaber, Hernani etxegabetzerik gabeko herria dela esan arren, Udalak berak aitortzen du jada ez duela alternatibarik».

Gizarte zerbitzuen jarrera ere salatu nahi dute. «Azken etxegabetze honetan, adibidez, familia egoeraren errudun bilakatu dute, diru sarrera haundiagoak izan dituztenean beste alokairu batera joan ez izanagatik. Kontrara, nahi izanagatik ere, ezin izan du alokairu berririk topatu, horretan aktiboki ibili bada ere azken urtean zehar. Batzuetan gizarte zerbitzuetara akonpanainamendua ukatu digute eta ez digute utzi beraiekin sartzen. Egoera guzti honek, familiaren zaurgarritasun egoera areagotu besterik ez dute egin. Gizarte zerbitzuak azken unerarte eskainitako irtenbidea pentsio zein hostal desberdinen zerrenda pasatzea izatea, haien kabuz pentsio bat lor dezaten, oso larria deritzogu».

Hori horrela, «alternatibarik gabeko etxegabetze guztien etetea aldarrikatu eta familia honentzat aterabide erreal bat exijitzen dugu!».

 

«Gure jokaeraren oinarria da, guztiaren gainetik, erabiltzaileak babestea»

Hernanin izandako azken etxe-utzarazpen honen kasuari dagokionez, eta Zerbitzu Sozialei egindako akusazioak direla eta, Hernaniko Udaletik hainbat argipen egin nahi dituzte:

«Hasteko eta behin, ziurtatu nahi dugu irizpide profesionalak erabiltzen ditugula zaurgarriak diren erabiltzaileei laguntza pertsonalizatua eskaintzeko, familia bakoitzak daukan egoeraren eta baldintzen arabera».

«Horrek esan nahi du, kasuan kasuko jokatzen dugula erabiltzaile bakoitzari beharrezko dituen baliabide material, ekonomiko eta aholkularitza profesional zein teknikoa eskaintzeko. Egoera honetan ere hala jokatu dugu hilabete luzez, eta hala jokatzen jarraitzen dugu».

«Gure jokaeraren oinarria izaten da, guztiaren gainetik, erabiltzaileak babestea, eta modu diskretuan eta profesionalean aritzea. Zoritxarrez, halako egoera asko gertatzen dira Hernanin, eta kasu asko eta askotan modu diskretu eta zalapartarik gabe jokatuz bideratzea lortu dugu».

Amaitzeko idatziak dio: «Kasu honetan ere, irizpide horri eutsiko diogu, nahiz eta egi erdiak eta gezurrak kontatu nahi izan diren. Hori esanda, kezka handiz bizi dugu horrela jokatzeak zaurgarriak izan daitezkeen familietan izan dezakeen eragina».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!