200 hernaniarretik gora Chillida Lekun, Udako Solstizio ospakizunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Chillida Lekun aurkeztu zuten, bertan 21ean izango den Udako Solstizioa.

Kukai dantza taldeak gidatuta, Hernaniko hamabi kultur eragilek eskainiko dute ekainaren 21ean, 18:30etan hasita.

Datorren ekainaren 21ean Chillida Lekuk bere ohiko Udako Solstizioa ospatuko du ikuskizun parte hartzaile haundi batekin. Hernani izango da protagonista nagusia, Hernanin kokatuta dagoen museoan. Horretarako, museoa topaleku bihurtuko da, non musikak, dantzak eta poesiak ongietorria emango dioten udari. Chillida 100 urte izenburupean, museoaren eta Hernaniko hamabi kultur eragileen arteko lankidetza-proiektu hau, Kukai dantza konpainiaren koordinaziopean, festa kultural haundi bat bihurtuko da.

Maite Larburuk, Ttartla dantza taldeak, Nuta espazioak, Biteri kultur etxeko antzerki eta dantza ikasleek, Hernani Institutoak, Hernaniko Bertso eskolak, Ozenki eta Kantuz abesbatzek, Hernaniko Herri Musika Elkarteak, Hernani Musika Eskolak eta udal musika bandak hartu dute parte.

Ikuskizuna arratsaldeko 18:30etan hasiko da eta 20:00etako ikuskizun orokorraren aurretik, ikusleek 10-15 minutuko emanaldi txikiak izango dituzte museoan zehar sakabanatuta. Ekitaldia aire zabalean da, eta, antolatzaileek mantak ekartzeko gonbitea egiten diete ikusleei, eserita ikuskizunaz gozatu ahal izateko eta ikusle guztien ikusgarritasuna errazteko. Bestalde, jende asko espero denez, museora garraio publikoan etortzea edo Galarretako aparkalekutik autobus berezia erabiltzea gomendatzen da.

 

Hernaniarrak «harro egoteko» ekitaldia

Aurkezpen ekitaldian izan ziren Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Jon Maya Kukai Dantza Taldeko zuzendaria eta Nausica Sánchez Chillida Lekuko Hezkuntza eta Ikerketa arduraduna. Lertxundi alkateak azpimarratu zuenez, «oso pozgarria da ikusiko dugun emaitzaren prozesua nola izan den. Lankidetzan, eragileekin egin den zerbait izan da eta harro egoteko modukoa da».

Bingen Zupiria hernaniar sailburuak «agur berezi bat» bidali zien «herriko kide guztiei» . «Txalotzekoa da Hernaniko kultur eragileak jarriko direla Guggenheim edota Bellas Artes museoen pare». Bestetik, publikoa ere goraipatu zuen. «Publikoa ez da bakarrik ikuskizuna ikustera doan pertsona. Publikoak dira kulturgintzan protagonista bihurtzen diren herritarrak. Ez dira kulturgile profesionalak, baina bizi dute kultura eta protagonista bihurtzen dira».

 

«Gozada bat izan da eragileekin lan egitea»

Ondoren Jon Mayak hartu zuen hitza eta Hernaniko kultur eragileekin lan egitea «gozada bat» izan dela esan zuen. Chillida 100 urteren sorkuntzan, Kukai dantza konpainiako zuzendaria den Jon Maya koreografoa lanean aritu da hauspoz hauspo beraiekin. «Urte osoan zehar lantaldeek behin baino gehiagotan bisitatu dute museoa eta diziplina anitzeko sorkuntza horri bizia emateko bildu dira. Horretarako, kultura-eragileekin, elkarteekin eta tokiko eskolekin lan egin da, komunitatearekiko harremanak indartzeko, eta kultura-publiko berrien sorkuntza eta dibertsifikazioa sustatzeko».

 

Udako Solstizio berezirako 100 sarrera salduko ditu Udalak, erdi prezioan Biterin

Udako solstiziorako 100 sarrera jarriko ditu salgai astelehenean Hernaniko Udalak, erdi prezioan (10 euro). Biteri Kultur Etxean egongo dira salgai. Sarrera hauek bukatzean, Chillida Lekuren webgunetik (www.museochillidaleku.com) egin beharko dira erosketak. Guztira, 1.000 sarrera jarriko dira salgai.

Hernaniko herritarrentzako eskaintza berezia Hernaniko Udalak eta Chillida Leku Fundazioak sinatuta duten hitzarmenari esker gauzatzen da. Uztailaren 2an ETB1en ikusteko aukera izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!