Errapia festak girotuko du gaur Zikuñaga auzoa goizetik ilunabarrera

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Zikuzulo artelekuan, 11:00etan, arte tailerrarekin hasiko da. Poema errezitaldia eta kontzertuak izango dira.

Badira urte batzuk Errapia festarik ez dela egin. Errapia Hernaniko Arte taldea da, eta Zikuñaga auzoan dituzte tallerrak, Zikuzuloko lokaletan. Horri buelta eman eta gaur Errapia kolektiboak antolatutako festak hartuko du Zikuñaga auzoa. Zikuzulo artelekua izango da jarduera guztien erdigunea, eta askotariko jarduerak egingo dituzte egunean zehar. 

Aurtengo festa oso berezia izango da Errapiako kideentzat; izan ere, azken urtean joandako Mikel Barreiro eta Gorka Setien omenduko dituzte. 

Goizean goiz hasiko dute festa, Garabateando Bidasoa sketchbook taldearen laguntzarekin. Zirriborro librea antolatu dute, Zikuzulon hasi eta auzoan barrena egiteko.

Goizeko 11:00etan Errapiako kideek sortutako arte tailerrak ikusteko aukera izango da. Ondoren, eguerdiko 12:30ak aldera, Gorkaren poema errezitaldia egingo dute. 

Arratsalderako musika saioak antolatu dituzte. 15:00etan Esther Sound System DJ-aren bi orduko saioa hasiko da, eta gero Ze Arraio! Rock taldeak hartuko du lekukoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!