Tupust!-en azal berria 'Axpi'-k egin du

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

'Gu' izeneko hirugarren bilduma kaleratu dute eta gaur Ziburuko liburu azokan egongo dira stand-a jarrita.

Tupust kolektiboak hirugarren komiki bilduma plazaratu du, 'Gu' kontzeptua ardatzean jarrita. Hirugarren komiki bildumaren azala Ainara Azpiazu 'Axpi'k egin du eta beste hernaniar batek ere parte hartzen du, Maitane Gartziandiak. 2019an kaleratu zuten lehenengo liburua eta 2021ean, bigarren bilduma eta orain iritsi da hirugarrena. 

Hirugarrena eta azkena izango da. Komikia euskeraz eta genero ikuspegiz lantzea zen helburua eta bete dute. «Ez gaude garen guztiak, baina gauden guztiak bagara», laburbildu zuen aurkezpenean Ainara Azpiazu Axpi-k. Beste zenbait irudigilerekin batera, kolektiboa sortzeko lehen urratsetan parte hartu zuen.

Gainera, komigileak, gaur Ziburuko liburu azokan izango dira standa jarrita. Talde gisa elkartzen jarraituko badute ere, azken argitalpena hau izango dela erabaki dute emakume komikigileek.

Urtean bertan argitaratutako lanak izaten dira protagonista Ziburuko Euskarazko Liburu eta Disko Azokan. Euskarazko 119 liburu eta disko berri eta 40 egile egongo dira larunbat honetan Ziburuko azokan.

2024an argitaratu eta Ziburuko azokara eramango dituzten liburu eta diskoen zerrenda iragarri dute bertan egongo diren 33 liburu-argitaletxe eta 3 diskoetxeek.

Era guztietako generoak badira lan horien artean, adin tarte zabalari zuzendutakoak. Kulturzaleek lan horietako askoren egileekin aurrez aurre hitz egiteko aukera izango dute, 40 egile egongo baitira azokan, beren lanak jendeari ezagutzera ematen eta liburu edo diskoak sinatzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!