Gaur hasiko dute palako Herriarteko Txapelketa Astigarragak eta Hernanik, Itziarren eta Aian

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Mikel Txoperena astigartarra, iazko Herriarteko Txapelketaren partidu batean.

Ohi baino beranduago ekingo diote paleta gomazko Herriarteko Txapelketari, Astigarragak eta Hernanik. Final laurdenetan hasiko dute bere bidea, iazko txapelketan lau onenen artean sailkatu ondoren. Astigartarrek txapela jantzi zuten, gainera.

Gaur hasiko dute txapelaren defentsa astigartarrek, eta gaur ekingo diote hernaniarrek ere. Itziarren ariko dira astigartarrak, Zestoaren kontra, goizeko 10:30etatik aurrera; eta Aia izango dute kontrario hernaniarrek, Aian bertan, arratsaldeko 16:00etan hasita.

 

Txapela jantzi zuen taldea, bere horretan

Joan den urtean txapela lortu zuen laukote berarekin ariko da Astigarraga, gaur goizean. Buruz buruko partidua Asier Salaberriak jokatuko du; binakakoan Mikel Txoperena eta Beñat Zubiarrain ariko dira; eta banaka zazpi barruan Ganix Urdangarin izango da astigartarren ordezkaria. 

Bi kanporaketa gaindituta iritsi dira aiarrak final laurdenetara. Deba menderatu zuten aurrena, sei partiduetatik lau irabazita; eta Andoainen kontra nagusitu ziren ondoren, beste lau garaipenekin. Bereziki indartsu aritu dira binakako eta zazpi barruko partiduetan, ia denak irabazi baitituzte.

 

Talde polita osatu du Hernanik, 10 palistarekin

Hernanik, bere aldetik, talde polita osatu du aurten, iazko Herriartekoan lortutakoa gainditzen saiatzeko. Guztira, 10 palistako multzoa izango dute: Endika Ramos, Ion Beloki, Ander Polaina, Iker Zurutuza, Imanol Galartza, Ander Larretxea, Alain Agirre, Onditz Rekondo, Mikel Urreaga eta Mikel Manterola.

Gaurkoan, Ramosek, Galartzak, Larretxeak eta Manterolak osatuko dute laukotea, joaneko partiduetan; baina azkeneko unean zehaztuko dute bakoitza zein modalitatetan ariko den.

Final zortzirenetan ekin zion txapelketari Zestoak, eta Errenteria menderatu zuen, sei partiduetatik lau irabazita bere kasuan ere. Bai joanekoan eta bai bueltakoan, buruz buruko eta binakako partiduak irabazi zituzten, eta zazpi barrukoa galdu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!