Gipuzkoako Txapelketa jokatuko du Hernaniko 'Maialen' traineruak, bihar

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

'Maialen' trainerua, aurreko estropada batean.

Goizeko 10:30etan hasiko da estropada, eta 10 traineru ariko dira lehian emakumezkoetan.

 

Bihar goizean emango diote hasiera traineru denboraldiari, lehenengo estropada garrantzitsuarekin: Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Hondarribian, goizeko 10:30etan hasita. Eta partehartzaileen artean izango da, hutsik egin gabe, Hernaniko 'Maialen' trainerua.

Guztira, 10 talde ariko dira lehian emakumezkoen txapelketan, eta hiru txandatan banatuko dituzte. Aurrenekoan ariko da Hernani, San Juanekin batera soilik. Laukoak izango dira beste bi txandak: Hondarribia, Hibaika, Zumaia eta Zarautz bigarrenean; eta Donostia Arraun Lagunak, Orio, Donostiarra eta Tolosaldea hirugarrenean. 2.778 metroko ibilbidea osatu beharko dute traineruek.

Emakumezkoen aurretik, beteranoen estropada jokatuko da aurrena, lau trainerurekin: Badok 13, Fortuna, Zumaia Beteranoak eta Illunbe. Segidan izango da emakumezkoena, eta gizonezkoena egingo dute azkenik, beste 10 trainerurekin: Zarautz eta Hibaika ariko dira aurreneko txandan; San Pedro, Lapurdi, San Juan eta Zumaia bigarrenean; eta Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Getaria hirugarrenean.

 

«Traineru denboraldian duin lehiatzea da gure helburua»

Aurreko astean bukatu zuen trainerilla denboraldia Hernanik, eta lortutako emaitzek indarra eman diote taldeari, traineru denboraldiari begira. Egindako lanarekin «oso pozik» agertu da Asier Ocon entrenatzailea: «Orokorrean, oso positiboa izan da trainerilla denboraldia, emaitza bikainak lortuta. Oso pozik gaude, baina arraunak etenik ez duenez, dagoeneko traineruari begira jarrita gaude».

Zentzu horretan, nabarmendu du «oso gaztea» dela aurtengo 'Maialen' trainerua, «baina neskak oso gogotsu daude lanerako; beti bezala, guztia emateko prest». Hori horrela, helburua izango da «urratsez urrats, poliki-poliki aritu, eta duin lehiatzea», dio entrenatzaileak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!