Hernaniko hiru autoeskolatan gidabaimena euskeraz prestatzeko aukera dago

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 31a, 00:00

Azterketa euskeraz egin eta gainditzen dutenen artean 400 euroko hamar sari zozketatuko dira.

 

Hernaniko Udalak, Buruntzaldeko gainerako udalekin batera (Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) gidabaimena euskeraz ateratzera gonbidatu ditu uda honetan ekintza hori egingo duten hernaniarrak.

Buruntzaldeko udalak 2010etik ari dira hain erdaldundua dagoen autoeskolen eremuan euskeraren erabilera sustatzen. Aurten, ordea, gidabaimena euskeraz ateratzeko material berria argitaratu da, Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak Gidabaimena euskeraz egitasmoa jarri baitu martxan, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

 

Alde teorikoa euskera hutsean egiteko aukera 

Gidabaimena euskeraz egitasmoak gidabaimenaren alde teorikoa euskeraz prestatu eta egiteko aukera emango du, eskuliburuak euskera hutsean eskuratuko baitira eta azterketak euskeraz egiteko aukera ere izango da.

Euskerazko eskuliburuak eskuratzeko, proiektuarekin bat egin duen autoeskoletan eman behar da izena. Hernanin, hiru aukera daude horretarako: Hernani, Lagunak eta Otamendi autoeskolak (eskualdean, beste sei autoeskolak bat egin dute).

 

Gidabaimena euskeraz ateratzen dutenek, saria 

Urtero bezala, gidabaimenaren azterketa euskeraz egin eta gainditzen duten ikasleen artean 400 euroko 10 sari zozkatuko dituzte Buruntzaldeko Udalek. Horietako hiru, Hernanin banatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!