Hernaniko Udalak buletin digitala eta Telegram kanala jarriko ditu martxan informatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 31a, 00:00

Telegramen bidez informazioa bidaliko du Udalak.

Ekainean hasiko dira bi kanaletako bidalketak eta bi kanal hauetako informazioa hala erabakitzen duten herritarrek jasoko dute.

Hernaniko Udalak, «herritarrak hobeto eta gehiago informatzeko», bi kanal berri jarriko ditu martxan ekaineko lehenengo astelehenean: Udal buletin digitala eta Telegram kanala.

Zuzeneko bi kanal hauetako informazioa hala erabakitzen duten herritarrek jasoko dute. Udalak, hala ere, kanal berriak ezagutzera animatu nahi ditu hernaniarrak.

Udal buletin digitalaren lehenengo bidalketa ekainaren 3an egingo du Udalak. Udal zerbitzuetan bere emaila utzi duten herritarrek jasoko dute Udal buletin digitalaren lehenengo zenbaki hori.
Euskerazko edo gaztelerazko bertsioak izango ditu buletinak.

Harpidetza ezabatzeko aukera uneoro izango dute herritarrek. Udal albisteak eta agenda izango dira udal buletinak jasoko duen informazio nagusia eta bidalketak bi asteko maiztasunarekin egingo dira.

Udal buletina lehenengo aldiz jaso nahi dutenek, komunikazioa@hernani.eus helbidera idatz dezakete.

 

Telegram kanala, bakoitzak nahi duen hizkuntzan informazioa jasotzeko

Telegram kanala ere sortu du Hernaniko Udalak. Kasu honetan, herritarrek euren kabuz gehitu beharko dute kanalera, bertako informazioa jasotzeko. Udal albisteak, oharrak eta agendako deialdiak zabaltzeko baliatuko da kanal berria.

Telegramek hartzaile bakoitzari albisteak irakurri nahi dituen hizkuntza hautatzeko aukera ematen dio. Horretarako, klik egin eta Translate aukera hautatu behar dute eta hor, erabiltzaile bakoitzak aukeratu ahal izango du berarentzako hurbilena den hizkuntza.

 

Udala eta herritarren arteko komunikazioa hobetzea helburu

Hernaniko Udalak, herritarrekiko duen komunikazioa hobetzea du helburu. Horretarako jarriko ditu martxan bi kanal berri hauek eta kanpo komunikazioari buruzko diagnostikoa egiten ere ari da. Udal barruan eta herri mailan, 400 herritarri egindako inkesta gauzatu da, pertzepzioak, iritziak eta proposamenak jasotzeko.

Guzti horiengandik jasotako informazioarekin, Hernaniko Udalaren kanpo komunikazioaren gaur egungo egoeraren erretratua egiteaz gain, etorkizunean Udala eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko neurriak eta baliabideak suspertzeko izango da diagnostikoaren helburua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!