Asteartean egin zuten Hernaniko udaletxeko pleno aretoan maiatzeko Osoko Bilkura. Zenbait puntu jarri zituzten bozkagai, eta guztiak onartu ziren; horien artean Udal Ondasunen Inbentarioaren eguneraketa edota 2023ko kontu orokorra.
Alabaina, laugarren puntuan kateatu ziren gehien udal ordezkariak; 2024ko Udal Aurrekontuaren kreditu aldaketarako proposamenean. Oier Agirresarobe zinegotziari egokitu zitzaion azalpenak ematea, eta 2024ko aurrekontuari 4.260.000 milioi euro eranstea onartu zuten, iazko gerakina aurtengo kopuruari gehituta. Oposizioko alderdiak abstenitu egin ziren, eta EH Bilduren aldeko botoekin egin zuen aurrera proposamenak.
Agirresarobek azaldu zuenez, erantsitako diru horren zati haundiena, 550.000 euro, Lizeagako ur hornidura hobetzera bideratuko du Hernaniko Udalak. Horrez gain, beste zenbait proiektu garrantzitsu aipatu zituzten plenoan; hala nola, Herrilanetarako erabilera anitzeko azpiegiturak (350.000 euro), kanpoko jolas igerileku instalazio sistemen berrikuntzak (300.000 euro) edota Elizatxo ikastetxean egingo den estalkia (245.000 euro).
Etxeguraren eta Udalaren arteko hitzarmenak piztu zuen eztabaida
Doitutako diru kopurutik partida bat Etxegura elkartearekin hitzarmena egiteko gorde du Hernaniko Udalak, eta erabaki horrekin oso kritiko agertu ziren oposizioko hiru alderdiak.
Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi zuen guztiz desados dagoela Etxegurari esleitutako jarduerekin, horiek «Udalaren lana» direla iritzita: «Hori ikusita, zertarako daude Etxebizitza zinegotzia eta teknikaria?».
Elkarrekin Podemoseko Jaione Aristregik gehitu zuen «salaketen eta etxegabetzeen informazioa oso delikatua» dela, eta ez dela «herritar talde baten esku utzi behar». Ricardo Crespok, PSE-EEko bozeramaileak, bat egin zuen oposizioko beste bi alderdiekin.
Eztabaida amaitzeko, Xabier Lertxundi alkateak eman zien erantzuna oposiziotik egindako kritikei, zenbaitek «parte hartze kultura» falta dutela iradokita: «Gure proposamena herrian etxebizitzaren inguruan lanean ari diren elkarteek egindako eskaera da. Udalak lana egiten du, baina herriko elkarteekin elkarlanean aritzeak eta ondo antolatzeak egiten den lana aberastuko du».