Santa Barbarako kideek Txakolin Egunaren 30garren edizioa ospatuko dute larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 30a, 00:00

Txakolinaz gain, 1.200 pintxotik gora prestatuko dituzte.

12:00etan hasiko da dastaketa, elkartean bertan. Lau txakolindegitako produktuak eta pintxoak probatzeko aukera izango da. 

Urteroko legez, Txakolin Eguna antolatu du Santa Barbara Elkarteak ekainaren lehenengo larunbatean. Berezia izango da aurtengo edizioa, 30 urte betetzen baititu festak: «1994an hasi ginen festa ospatzen, Euskal Herrian hain estimatua den edariaren inguruko kultura sustatzeko helburuarekin», azaldu dute. 

Eguerdiko 12:00etan hasiko da jarduera, eta bi ordu luze izango dituzte herritarrek bertako produktuak dastatzeko. Lau txakolindegitako produktuak probatzeko aukera izango da Santa Barbaran; Agerrekoak, Ameztoikoak, Gaintzakok eta Ulaciakoak, hain zuzen. Antolatzaileek nabarmendu dute denak sartzen direla Getariako Txakolina jatorri deituran. Edariarekin batera, mota askotako 1.200 pintxotik gora prestatuko dituzte, mokadutxo bat egin ahal izateko. Festan parte hartzeko edalontzia erosi beharko da, 6 euroren truke. 

Santa Barbaratik parte hartzeko deia egin diete herritarrei: «Elkarteko bazkide eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu jaian parte hartu eta mahastizaintzaren eta edari honen bueltan dagoen kulturaz eta sortzen den lagun arteko giroaz gozatzera». 

 

Asteartetik aurrera eman daiteke izena San Joanetako danborradan

Txakolin Eguna pasatzen denean San Joanetako danborrada prestatzen hasiko dira Santa Barbarako kideak. Ekainaren 24an aterako da haurren danborrada, Etxeberrikoarekin batera, eta izena emateko epea asteartean zabalduko dute. 

Ekainaren 4an elkartean bertan egin ahal izango da inskripzioa, baita hurrengo entsegu egunetan ere. 5 urtetik gorako haurrek parte hartu dezakete danborradan, eta elkarteko jantziak erabiltzeko aukera izango dute. 

Entseguei dagokienez, ekainaren 4tik 20ra egingo dituzte, astearte, asteazken eta ostegunetan. Arratsaldeko 19:00etan izango dira saioak, elkartean bertan. 

Helduen danborradako entseguak ere astearte, asteazken eta ostegunetan egingo dituzte, arratsaldeko 20:00etan. Kasu honetan ere izena emateko epea asteartean zabalduko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!