«Berehala zerbitzua hobetzeko» eskatu dio Lertxundik Espainiako Garraio ministroari, gutun baten bidez

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 00:00

Eskaeraz gain, alkateak Renferen aldirietako zerbiztuengatik kezka adierazi dio Oscar Puentereri.

Hernaniko alkatea den Xabier Lertxundi Asteasuinzarrak, gutun bat bidali dio Oscar Puenteri, Espainiako Garraio ministroari. Bidalitako gutunean, Hernaniko alkateak kezka adierazi dio Renferen aldirietako zerbitzua jasaten ari den murrizketa eta eragozpenak direla eta: «Nire kezka adierazi nahi dizut milaka erabiltzailek jasaten duten egoerarengatik, eta azaldu nahi dizut beharra dagoela zerbitzua hobetzeko eta normalizatzeko, premiazkoa baita lehen zeuden maiztasunak eta ordutegiak bermatzea, bai Brinkola-Irun aldiritako zerbitzuan eta baita distantzia ertainetakoetan».

Gutunean, alkateak 2017ra egin du salto, ministroari gogoraraziz Gaintzurizketan, AHTan egiten ari diren obren ondorioz, asko gutxitu zirela trenak, eta horri gehitu zaiola, Donostia eta Hernani artean, Loiolako tunelean egiten ari diren lanek sortutako traba. Eta ondorengo informazioa gehitu du gutunean: «gaur egun aldirietako zerbitzuan dabiltzan trenak 2017an ibiltzen zirenen ia erdia dira. 40 tren inguru ibiltzen ziren 2017an bi norabideetan, eta 22 baino ez dira ibiltzen gaur egun». Eta horrekin batera, Lertxundik dio herrien artean trenek iristeko behar zuten denbora ere asko haunditu dela: «2016an, Irun eta Brinkola artean, batez beste ordu eta erdi inguru ematen zuten trenek. Gaur egun ia bi ordu egiten dute». 

Ondorioz, Hernaniko alkateak irtenbide bat emateko eskatu dio Espainiako Garraio ministroari: «herritarrentzat garraio jasangarri, irisgarria eta unibertsala» izateko helburuz.

Eusko Jaurlaritzara ere, gutuna

Espainiako Gobernuaz gain, Eusko Jaurlaritzari ere bidaliko dio gutuna Lertxundik; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailera, hain justu. Trenbide eskuduntza gauzatzen denean, Eusko Jaurlaritzarena izango baita aldirietako zerbitzuaren ardura, «eta, beraz, haren esku egongo da ere egun zerbitzuak bizi duen egoera zuzentzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!