XX. garagardo azokak hartuko du Atsegindegi, datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 00:00

Joxe Elosegi, Karmele Larraza eta Aitor Moriano, osteguneko aurkezpenean.

Ekainaren 6tik 9ra ospatuko dute azoka. Ostegunean irekiko dira azokako ateak, arratsaldeko 18:00etan.

Ekainean hitzordu garrantzitsua dute errugbi zaleek eta baita garagardoa gustuko dutenek. Izan ere, XX. Garagardo azoka antolatu du urtero moduan Hernaniko Klub Rugby Elkarteak datorren asterako. Honen berri eman zuten pasa den ostegunean azokako arduradunek; hala nola, Karmele Larrazak eta Aitor Morianok.

Ekainaren 6tik 9ra bitartean ospatuko da garagardoa erdigunean jarriko duen azoka. Ostegunean arratsaldeko 18:00etan izango da azokako irekiera, eta igandera arte garagardo ezberdinak dastatzeko aukera izango dute herritarrek. Barrari dagokionez, ostegunean eta ostiralean arratsaldeko 18:00etan irekiko da, eta larunbatean, berriz, eguerdiko 12:00etan. Aurkezpenean, azokako antolatzaileek zehaztu zuten aurten ere, Heinekenek garagardo marka ezagunen aldeko apustua egin duela, eta beraz, aukera ezberdinak izango dira; besteak beste, horiak, txigortuak, gariarekin, beltzak eta glutenik gabeak. Osteguneko aurkezpenean Larrazak eta Morianok azpimarratu zuten aurten Heinekenek berrikuntza gisa, Tinto de verano jarriko duela.

Edariaz gain, XX. garagardo azokako ohiko jaki ezagunak izango dira aukeran, eta hauek zerrendatu zituzten: «ukondoa, saltxitxak, oilasko-izterra, hirugiharra... Eta azken urteetan bezala, Kroketxearen postua ere izango da bertan». Sukaldea, ostegunean eta ostiralean arratsaldeko 19:30etatik gaueko 23:00etara egongo da irekita; eta asteburuan, berriz, eguerdiko 13:30etatik 15:30etara; eta arratsaldeko 19:30etatik 23:00etara. 

Radio Rebelde Cover taldearen kontzertua

Azoka girotzeko asmoz, ostiralean Radio Rebelde Cover taldeak kontzertua eskainiko du gaueko 22:0etatik aurrera. Larunbatean ere izango da dantzatzeko aitzakia; izan ere, Bide Batez erromeria taldeak emanaldia eskainiko du gaueko 22:30etatik aurrera.

Eta urtero moduan, igandean egingo da zozketa, arratsaldeko 20:00etan: «irabazlearen berri emango dugu klubeko sare sozialen bidez, eta irabazlea azokan badago, saskia unean bertan emango zaio». Amaitzeko, antolatzaileek, herritarrak azokara bertaratzera animatu dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!