Emakumeok egunerokotasunean jasaten ditugu indarkeria matxistaren adierazpenak: tratu txarrak, bortxaketak, umiliazio eta presioak, jazarpena, besteak beste. Zentzu honetan, azken hilabeteetako datuek egoeraren larritasuna agerian uzten dute: EAEren kasuan, urtarriletik martxora bitartean gutxienez 1.705 eraso matxista eman dira, 2024a hasi zenetik indarkeria matxista kasuak %21,27 igo direlarik. Adibidez, Gipuzkoan bakarrik, martxoan zehar gutxienez 169 eraso matxista eman dira.
Hauek ez dira datu isolatuak, eta esan bezala, eraso matxistak desagertzetik urrun, ohiko errealitate dira emakume langileon bizitzetan. Gainera, testuinguru zehatz batzuetan, eraso matxista kasuak modu nabarmenean areagotzen dira; jai-giroan, adibidez. Are gehiago, testuinguru honetan eraso matxistek inpunitatea irabazten dute eta emakumeon aurkako jazarpen eta indarkeria jarrerak normalizatu egiten dira. Egoeraren larritasuna ikusita, egoera salatzeaz haratago, horri aurre egiteko antolatzea ezinbestekoa zaigu. Horrela, erantzun errealak emanez, erasorik gertatuko ez den espazioak sortzea dugu helburu.
Itaiatik, bide horretan egiten dugu lan jai-giroan erasoei aurre egiteko baliabide desberdinak martxan jarriz; horren adibide dira iazko San Joanetan antolatutako etxeratze kolektiboak edo aurtengo txotx denboraldian zehar martxan izan dugun erasoen aurkako telefonoa. Aurten ere, San Joanetan zehar indarkeria matxistaren aurrean antolatzea ezinbestekoa dela uste dugu. Horregatik, Hernaniko Indarkeria Matxistaren Aurkako Asanbladak deituta, ekainaren 1ean 11:00etan Biterin izango den asanblada irekira bertaratzeko deia luzatu nahi dugu.
Indarkeria matxistaren aurrean antolatu!
Naia Tolosa Simon
Hernaniko Itaiako kidea