Neska jubenilek brontzezko domina, Espainiako trainerila txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 00:00

Hernaniko arraunlariak Galizian, Asier Ocon entrenatzailearekin.

Moañan jokatutako txapelketan lortu zuten 3. postua Robaleiraren eta Camargoren atzetik.

 

Ontzi txikietan denboraldi ikusgarria osatu dute Hernaniko neska jubenilek. Igandean amaitu zuten denboraldia, Galiziako Moaña herrian, Espainiako Trainerila Txapelketan, eta nola amaitu gainera. Hernaniarrek brontzezko domina eskuratu zuten eta aurten parte hartu duten txapelketa ofizial guztietan, bai batelean eta bai trainerilan, lortu dituzte dominak.

Larunbateko sailkapen estropadan finalera sailkatzea lortu zuten eta igandeko finalean hirugarren amaitu zuten Robaleira trainerila galiziarraren eta Camargo ontzi kantabriarraren atzetik, eta Perillo galiziarren aurretik. 

Sailkapen estropadan Chapela gainditu zuten lehenengo txandan eta bigarren txandako Perillo eta Mr de Bueu ere gainditu zituzten. Camargo eta Robaleira traineriletatik zortzi eta bederatzi segundura sailkatuz. Hori bai, finalean haize gutxiagorekin, lehenengo bi ontzi sailkatuak abantaila haundiagoarekin sartu ziren helmugara. Galiziarrek 15 minutu eta 34 segunduko denbora behar izan zuten 3.500 metroak amaitzeko eta Camargo lau segundura iritsi zen. Hernanik lan gehiago izan zuen eta 29 segundura helmugaratu zen hirugarren. Hala ere, Perillok ez zuen Hernani estutu eta brontzea beti izan zuten kontrolpean.

Hernaniko trainerila osatu zuten ondorengo arraunlariek eta patroiak: Araitz Iturrieta, Intza Arregi, Ninbe Aizpurua, Lorea Garcia, Eider Elosegi, Olatz Pagola eta Naia Peñagarikano. Sailkapen estropadan Goiatz Arabiatorre aritu zen Lorea Garciaren ordez. 

 

Urrezko domina bat, hiru zilarrezko eta bi brontzezko

Sei txapelketa ofizial jokatzen dira batelean eta trainerilan, eta jubenil hernaniarrek seietan lortu dituzte dominak. Batelean oraindik eta emaitza hobeak eskuratu zituzten hernaniarrek. Gipuzkoako batel txapelketan txapeldun izan ziren, Euskadikoan eta Espainiakoan azpitxapeldun izan ziren.  

Trainerilan lehenengo aldiz parte hartu zuten arraunlari askok eta meritu latza dute lortutako emaitzek. Gipuzkoakoan brontzezko domina lortu zuten eta Euskadikoan berriz, postu bat hobetu, eta azpitxapeldun izan ziren. Espainiakoan ginda jarri diote denboraldiari. 

Gainera, kontutan hartu behar da arraunlari hauetako asko jubenil mailako lehenengo urtekoak direla eta 2025ean ere jubenilak izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!