«Mikel Laboak jolasten sortzen zituen abestiak eta guk bide bera jarraitu dugu»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 00:00

Laboa Jazz taldeak eskainitako kontzertu bateko argazkia.

'Txoria nuen maite' proiektutik diskoa argitaratu du Laboa Jazz taldeak, Iñaki Salvadorren zuzendaritzapean, eta tartean da Ainara Ortega abeslari hernaniarra. Proiektuari amaiera emateko, Chillida Lekuko Jazzaldian aurkeztuko dute diskoa, herritarren aurrean.

 

Laboaren musikaren bueltan Loraldiaren enkarguz, Iñaki Salvador zuzendari donostiarraren esanetara, diskoa grabatu du Laboa Jazz taldeak, Baibem Produccionesen eskutik. Ideia, moldaketak eta zuzendaritza Salvadorrenak dira, eta abenduan argitaratu zuten 'Txoria nuen maite' izenburupeko lana. Laboa Jazz taldea zazpi musikari «xelebrek» osatzen dute; hala nola; Ainara Ortega hernaniarrak (abeslaria),  Maria Berasartek (abeslaria), Aitor Bravok (bateria), Angel Unzuk (gitarra), Javier Mayorrek (kontrabaxua) eta Hasier Oleagak (bateria).

Diskoa uda honetan aurkeztuko dute Chillida Lekuko Jazzaldian. Uztailaren 21ean izango da hori, arratsaldeko 19:00etan, eta sarrerak 15 euro balio du.

Mikel Laboaren musika berregiten du disko honek, «jolasaren, musika inprobisatuaren eta Jazzaren estetikatik», hala aitortu du Ainara Ortega abeslari hernaniarrak, eta proiektuaren zenbait zertzelada ere elkarbanatu ditu Kronikarekin.

 

‘Txoria nuen maite’ diskoa abenduan argitaratu zenuten zazpi musikarik. Nola hasi zen proiektu hau?

Loraldiak enkarguz Iñaki Salvadorri eskatutako proposamen batetik dator diskoa, duela urte batzuk atzera eginez. Hasieran emanaldiak eskaini genituen, eta gero etorri zen diskoa sortzeko ideia. Loraldian egin genuen emanaldi estreinaldiak oso harrera ona izan zuen. Mikel Laboarekin osatutako kantuak dira, beraz, erraz heldu zitzaion jendeari. Erraz egin zuen bere bidea eta kontzertu mordoxka bat egin genituen.

Une hartan, prozesua amaitzera zijoala zirudien, eta bi abeslariok, Mari Berastartek eta biok, esan genion Iñakiri prozesu hau borobiltzeko, diskoa grabatzea ederra litzakeela. Beraz, prozesua hasi zen emanaldiekin, eta azken brotxea izan da diskoa argitaratzea. 

 

Iñaki Salvadorren zuzendaritzapean egin duzue ekoizpena. Nola joan da? 

Oso ederra izan da, plazer bat… Betiko topikoak ez ditut ba esango… Interesgarria iruditzen zait, bi abeslari oso ezberdin eta interesgarri hautatu gaituela. Maria Berasarte dator fadotik, eta ni, berriz, jazzetik. Bi estilo hauek uztartzeko ahaleginetan ibili ginen, eta Salvadorrek oso erraz jarri digu bidea.  Askatasun haundia eman digu. Hori askotan gertatzen da antzerkigintzan, zuzendariak inprobisatzeko aukera ematen duela. Eta gure kasuan horrela izan da, utzi digu espazioa erabakitzeko nola abestu.

Era berean, Iñakik oso argi dauka zer adierazi nahi duen. Bere lanetan oso argi adierazten dira zeintzuk diren mugak, formatuak, eta kantuen esentzia zein den. Uste dut oso ondo islatzen duela esan nahi duen hori, gero guri bertan esploratzeko aukera emanez.

 

Musikariek, maiz, sentimendu batetik abiatuta sortzen dituzte diskoak. Zuen kasuan, barruko bizipenetatik sortu duzue?

‘Txoria nuen maite’ diskoak, Mikel Laboaren musika duenez oinarri, dauka erraztasuna eta, aldi berean, zailtasuna. Adibidez, nik aipatzen badizut ‘Izarren hautsa’, ederki izorratuta nago. Abesti hori nola moldatuko dut nik? Eta horrela beste abesti askorekin. Bertute bat da Mikel Laboaren abestiak direla gure diskoko kantak baina Iñakik eramaten gaitu beste molde edota paraje batera. Orduan, kantu batzuekin gertatzen da antzeman dezakezula zein den abestia, baina abestiak dauzka beste ezaugarri batzuk; hala nola, ingurua, atrezzoa, eta usaina.

Horrek esan nahi du, Mikel Laboaren zaletu batentzako oso-oso gogorra dela diskoa; aldiz, nahiko jazzeroa denarentzat, oso biguna gelditu deaiteke. Hala ere, erdialdean dagoen jendea oso gustura dago diskoarekin, asko gustatu zaie, baina esan bezala, Laboazaleak eta jazz-zaleak direnak, ez.

Diskoa ez da batere erradikala. Oso biguna da, jazzean sartzen zaitu disko honek eta ez zara konturatu ere egiten. Jazza oso eremu zabala da. 

 

Diskoko abestiak Mikel Laboa erreferentziatzat hartuta sortuak dira. 

Denak dira bere abestiak, berak sortuak, idazleekin edota olerkariekin; eta hori oso ondo transmititzen du Salvadorrek, bere erara. Izan ere, 25 bat urte egin zituen Laboarekin lanean eta oso ondo ezagutzen zuen bera eta bere musika.

Mikel Laboa zen ume haundi bat, musikan oso serioa zen eta sekulako abestiak sortzen zituen, baina asko jolasten zuen. Gure kasuan berdina da, guk asko jolasten dugu, diskoan daude momentu batzuk oso surrealista direnak.  Iñakik eskatu zidan oilarrarena egiteko adibidez, eta entzuten da diskoan nola oilarraren oihua egiten dudan, ardiarena ere bai… Esaten zuelako Mikel Laboak ere horrela jolasten zuela, eta guk bide berdina jarraitu dugu, musika sortzen jolastuz. 

 

Kontzertuetan ere jolas bera erabili duzue? 

Bai, diskoaz gain, kontzertuetan ere jolastu dugu, eta Iñakik berak ekarri digu Laboaren hego haizea. 

Gainera, gehitu nahiko nuke Mikel Laboari asko gustatzen zitzaiola jazza. Badirudi agian eskaini ditugun emanaldiek eta diskoak ez dutela Laboarekin lotutarik jazzetik dutelako, baina lotura haundia dute. Jazzaz gain, flamenkoa ere gustuko zuen. Laboari asko gustatzen zitzaion Camaron, Cantinflas, Charls Chaplin… Umorea eta komedia uztartzen zituzten artistak asko zituen gustuko. 

 

Kontzertuak eskaini dituzue, Japonen, Baionan… Zer moduz joan dira? 

Sekulako esperientzia izan da. Japonen flipatuta gelditu nintzen egia esan. Euskeraz abestu genuen eta bertako batzuk abestiak zekizkiten. Gainera, han geundela aprobetxatuz, japonieraz kantatu genuen ‘txoriak txori’ eta xirriki-xarraka egin genuen.

Baionan ere eskaini genuen kontzertua, eta bertako antzokia bete egin zen! Ez genuen espero halakorik, eta jendez bete zen. Dagoeneko kontzertu mordoxka bat eman ditugu. 

 

Orain zein da zuen asmoa? 

Kontratazioa irekita dago. Hala ere, gure asmoa da diskoa aurkeztea Jazzaldian, eta gero gerokoak. Ikusiko dugu diskoak zein bide egiten duen. Modu honetara proiektua borobilduko dugu, azkeneko ukitua Jazzaldian bertan emanez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!