Txapeldunorde izan da Hernani, Euskadikoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 28a, 00:00

Hernaniko 14 urtez azpikoen taldea, Getxoko Fadurako zelaian.

Azkeneko unera arte izan zuten irabazteko aukera 14 urtez azpikoek, baina Getxo nagusitu zitzaien.

Gipuzkoako txapeldun izan ondoren, Arabako eta Bizkaiko talde onenak izan zituen aurrez aurre Hernanik, larunbatean: Euskadiko Txapelketa jokatu zuen Getxon, Gaztediren eta Getxoren kontrako triangularrean.

Maila ederrean aritu ziren hernaniarrak beste behin, eta azkeneko unera arte izan zuten garaipena lortzeko aukera; baina ihes egin zien azkenean. Trikoloreek 26-7 menderatu zuten Gaztedi, aurreneko partiduan; eta Getxoren kontra jokatu zuten bigarrena. Hori irabazita, Hernanira ekarriko zuten txapela... baina azkeneko minutuan lortutako entsaio bati esker nagusitu zitzaion Getxo (12-19). Hori horrela, hirugarren partiduan Getxok Gaztediren kontra galtzea behar zuten, baina bizkaitarrek lortu zuten garaipena. Hortaz, Euskadiko txapeldunorde izan dira trikoloreak, Getxoren atzetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!