Auzo batzarrak bukatuta, Kontseiluak aztertuko ditu proposamenak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 27a, 00:00

Hernani Burujabek egindako Batzarra.

Burujabetzen Kontseiluaren lehen urtea da; hau da, Hernani Burujaberen inguruko erabaki estrategikoak hartuko dituen markoarena.

Auzo batzarrak bukatuta, Burujabetzen Kontseiluak aztertuko ditu haietan ateratako proposamenak datorren ekainaren 14an. Burujabetzen Kontseiluak, Hernani
Burujaberen inguruko erabaki estrategikoak hartuko ditu.

Erabaki horiek herritarren beharretan oinarrituak egon behar dira; hori dela eta, behar horiek identifikatzeko, eta bide batez, Hernani Burujabe proiektua herriko auzoetan gehiago zabaltzeko xedearekin planifikatu dira auzo batzar horiek. Ezinbestekotzat jotzen zen batzar horiek ahalik eta gehien zabaltzea; izan ere, herriko beharrak auzokoetatik hasten dira.

Zazpi batzarretan 91 herritarrek hartu dute parte

Denera, zazpi auzo batzar egin dira, eta horietan 91 herritarrek hartu dute parte.
«Batzar horiek harrera ona izan dute auzotarren artean, eta herritarren beharrei tokian-tokian erantzutea eta burujabetza ikuspegitik aurre egiteko beharra argi geratu dira», diote Hernani Burujabetik.

Bestalde, hainbat behar atzeman ahal izan dira; hori bai, auzoaren arabera, eta horien errealitatearen eta premien arabera, ateratako ondorioak ezberdinak izan dira.
«Esaterako, auzo batzuetan ikusi da ezinbestekoa dela komunitatearen izaera indartuko duen auzo denda bat egotea; era berean, bertako produktuak kontsumitu ahal izateko tresna moduan ere ikusi da».

Etxebizitza ere gai kezkagarria izan da auzoetako batzar gehienetan.

Mahai gainean jarri den beste gai mamitsuetako bat trantsizio energetikoarena izan da; han-hemenka egon da bizilagunen ahotan plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera.

Bilerak oro har emankorrak izan dira eta bideorri izango dira, epe luze, ertain zein motzerako. «Erronkak ez dira makalak, eta herritarrek emandako hamaika proposamenek norabidea xedatzeko balioko dute».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!