Hernaniko EH Bildu, Europako hauteskundeetarako kanpainan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 27a, 00:00

Tilos ondoan, Izpizua kalean, eginiko kartel itsasketa.

Ostiraleko lehenengo ekitaldian ohiko kartel itsasketa egin zuen alderdi abertzaleak Tilosetan.

Pasa den ostiral arratsaldean hasi zuen Hernaniko EH Bilduk Europako Parlamenturako hauteskundeetarako EH Bilduren kanpaina. Bilduren lehenengo ekitaldia ohiko kartel itsasketarena izan zen Tilosetan arratsaldez eta kanpainako bi aste hauetan hainbat ekimen izango dira.

Garrantzitsuena ekainaren 3an, astelehenean, izango den ekitaldi politikoa izango da. Bertan Mario Zubiaga senatariak eta Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak parte hartuko dute.
EH Bilduko ordezkarien esanetan: «kontutan hartu behar da Europako Parlamenturako hauteskunde hauek eskuin muturraren eta belizismoaren gorakada haundi baten testuinguruan egingo direla. Europako proiektua krisian dago, herri sektoreen bizi-baldintzak kaltetuta, eta herrien eskubideak ukatuta».
Horren guztiagatik, «mezu eta helburu argiekin aurkeztuko gara Europako hauteskundeetara: nazio bat garela aldarrikatu, estaturik gabeko herrien eskubideak defendatu, Europan hedatzen ari den autoritarismo, neoliberalismo eta faxismo oldeari aurre egin, bakea eta herrien subiranotasuna aldarrikatu, eta Euskal Herriaren ahotsa Europan entzun dadin dei eginez».
EH Bilduren helburua Euskal Herrian lehen indarra izatea da eta, «horrela, Hego Euskal Herrian lortutako botoekin bermatuko dugu Pernando Barrena eurodiputatua izango dela».

 

'Orain Errepublikak' koalizioan aurkeztuko da

Europako ekainaren 9ko hauteskundeetan, alderdi independentista Orain Errepublikak koalizioan aurkeztuko da, Kataluniako ERCrekin, Galiziako BNGrekin eta Balearretako Ara Més alderdiarekin batera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!