Hernaniko setioaren askapenaren 150. urteurrena gogoan, Goiz Eguzki Abesbatzak

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 27a, 00:00

2022ko udako kontzertua.

Ekainaren 8an eskainiko du Goiz Eguzkiko Lorategiko Gingkopean, 19:00etan, ordu beteko kontzertua, gertaera hura gogoratzeko.

 

Goiz Eguzki Abesbatzak, ekainaren 8an eskainiko duen kontzertuan, Hernaniko setioaren askapenaren 150. urteurrena ospatuko du. Arratsaldeko 19:00etan Goiz Eguzkiko Lorategiko Gingkopean eskainiko dira errepertorioko abestiak. «Hernaniko herritar guztiei gure lana eskainiko dizuegu. San Joan jaien hurbiltasunak ematen digun jai giroan, ordu betez gozatzeko asmotan», diote abesbatzatik.

Aurten, «gure udako kontzertuan gertaera bat gogoratu nahi dugu, gerrak eragindako oinaze barruan, gure herriari izaera berezia eman ziona. Ekainaren 2an 150 urte betetzen dira militar karlistek gure herriari, 1874ko maiatzaren amaieran hiria hartzeko ahaleginean, jasan arazi zioten setioaren askapena lortu zela».

Gertaera honen harira, Vinaixa Gartzia Ezeiza, Goiz Eguzki Abesbatzako zuzendari gazteak, Hernaniko Martxa edo Ekainaren 2a ezagunaren lau ahotsetarako moldaketa bat egin du, diktadura frankistaren ondoren berreskuratutako musika eta egile ezezagunaren letrarekin, gure Sanjoanak girotzen dituena».

Antolatzaileen hitzetan: «nahiz eta gauza jakina den, populazioak granaden etengabeko erasoa pairatu zuela, gerra amaitu arte 1876an –63 hildako, 198 zauritu eta herriko etxebizitza gehienen suntsipenarekin– gaur egun, garrantzitsua iruditzen zaigu gogoratzea gure arbasoen sufrimendua eta gertaera horrek utzi zigun arrastoa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!