Azken txanpan sartu da Hernaniko Bioaniztasun Astea, eta ekintza berezienetako bat egingo dute gaurkoan, Kaxkoan barrena: BiodiBertso ibilbidea osatuko dute, goizeko 11:00etan Plazatik abiatuta.
Urumeako biodibertsitatearen inguruko sei panel jarri dituzte Kaxkoan barrena, eta batetik bestera osatuko dute ibilbidea, bakoitzean azalpenak emanez. Azalpen horiek bi modutakoak izango dira: zientifikoak eta bertsoz eskainitakoak.
Izan ere, hiru hernaniar ariko dira gidari lanetan: Iñaki Sanz-Azkue biologoa, eta Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariak. Saioa irekia izango da, interesa duten guztientzat.
Horren ondoren, zita bakarra faltako du Bioaniztasunaren Asteko egitarauak, Udaleko Ingurumen Sailaren eta Sagarreta Natur Taldearen eskutik. Ekainaren 1ean izango da, larunbatez: animaliak marrazteko tailerra egingo dute Biterin, 11:00etatik 12:30etara, 6 urtetik gorakoentzat. Horretarako izena eman behar da aurrez: 943 33 70 31 edo ingurumena@hernani.eus.