Euskelec kotxe elektrikoen lehiaketan hartuko du parte Hernaniko Lanbide Heziketak, estreinakoz

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 25a, 00:00

Euskelec kotxe elektrikoen lehiaketan hartuko du parte Hernaniko Lanbide Heziketak, estreinakoz

Bihar goizean izango da lehiaketa, Gasteizko erdigunean. Hernaniko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek egin dute kotxea, eskolako beste bi talderen laguntzarekin. «Erokeria izan da, baina aurreneko aldia izateko, polita geratu zaigu».

 

Asteburu honetan izango da Euskelec, Euskadiko lanbide heziketako kotxe elektrikoen lehiaketa. Zazpigarren edizioa da aurtengoa, eta estreinako aldiz hartuko du parte Hernaniko Lanbide Heziketak, «ilusio haundiarekin». 

Bihar goizean izango da lehiaketa, Gasteizko erdigunean, Andra Mari Zuriaren plazaren inguruetan. 09:30etatik 11:30etara egingo dituzte slalom, azelerazio eta frenatze probak, eta eguerdiko 13:00etatik 14:00etara erresistentzia proba: kotxe guztiak elkarrekin, zeinek distantzia luzeagoa osatuko ordubetean.

Guztira, lanbide heziketako 24 eskolak hartuko dute parte; gehienak Euskal Herrikoak, baina baita Kantabriatik, Valentziatik eta Kanariar Irletatik etorritakoak ere. Denen artean, Hernanikoa izango da kotxe elektrikoa Oinarrizko Lanbide Heziketan egin duen bakarra. OLHko elektrizitateko eta soldadurako ikasleek egin dute kotxea, eskolako beste bi talderen elkarlanarekin: fabrikazio gehigarriko masterreko ikasleak, eta fabrikazio mekanikoko diseinukoak.

 

Iaz hasitako lanari, 
aurten eman diote forma

Aurreko ikasturtean egin zuten saiakera kotxe elektrikoa eraikitzeko, eskolaren 75garren urteurrena zela eta. «Ez genekien zenbateko lana zen, eta konturatu ginen ezinezkoa zela», azaldu dute Aritz Olaziregi eta Unai Azkue irakasleek: «Baina aurten, ikasturte hasieratik arituta, posible izan da. Gainera, aurreneko aldia izan da OLHko euskerazko taldea osatu duguna, eta beraiekin landu dugu kotxea. Lehengo urtetik landuta geneukana aprobetxatu dugu, eta hortik abiatuta, diseinua egin eta kotxea eraiki dugu».

Lan eskerga izan da, eta azkeneko unera arte aritu dira detaileak fintzen eta azken orduko arazoak konpontzen: «Erokeria izan da, baina oso polita izan da egindako bidea. Azkeneko aste honetan bertan, ikasle batzuk eskola orduetatik kanpo ere etorri dira, gogotsu, kotxea bukatzeko». Baina emaitzarekin oso pozik geratu dira: «Lehenengo urtea izateko, polita geratu zaigu kotxea».

Makina bat detaile txiki dauzka kotxeak, bakoitza bere berezitasunekin. Zein material erabili ez zekiten hasieran, eta probak egiten aritu dira etengabe. Karrozeria egiteko, adibidez, baliatu dituzte teiluetarako erabiltzen den polikarbonatoa, eta baita eskolako panel publizitario batzuk ere. Gurpilen ejeetan, berriz, karraka batzuetatik berreskuratutako piezak baliatu dituzte, euskarri gisa berrerabiltzeko. «Saiatu gara ahalik eta gehien beste pieza edo gauza batzuetatik berrerabiltzen».

Beste pieza batzuk, berriz, eskolan bertan egindakoak dira, bertako 3D inpresoretan. Eta badira bitxikeria politak, berrerabilitako piezen artean: eskolan urte pila bat daramazkiten mahai berdeak erabili dituzte, egurrezko piezak egin eta pilotoaren txokoa izango dena sendotzeko. «Detaile txikia da, baina oso polita iruditzen zaigu. Bere xarma dauka».

Bolantea ere ez da nolanahikoa: erraz atera eta sartu daiteke, 1 Formula kotxeetan bezalaxe. Hori egiteko ere, material ezberdinak probatzen aritu dira diseinuko ikasleak, gogorragoak zein bigunagoak, ahalik eta erosoena izan zedin heldulekua.

 

Markel Goikoetxea, hernaniarren pilotoa

Bolante horren atzean egongo den pilotoa ere hernaniarra da: Markel Goikoetxea ikaslea. Aho batekoa izan zen berak pilotatzeko erabakia, eta oso kutsu berezia dauka, gainera: «Bere bi aitonak Hernaniko Lanbide Heziketako ikasle izan ziren, eta bere bi gurasoak ere bai; are gehiago, bertan ezagutu zuten elkar. Orain bera dabil hemen, oso ikasle ona da, eta kotxearekin jo eta su ari da lanean, emozionatuta. Gainera, txikia eta arina da, piloto izateko ideala».

Markel Goikoetxea izango da kotxe barruan, baina inguruan izango ditu ikaskideak, talde polita bertaratuko baita Gasteizera: «10 lagun egon daitezke boxetan, eta ez gara denak kabituko». Biharkoa egun haundia izango da haientzat, eta guztira 12 sari banatuko diren arren, sari potoloena lehiaketan parte hartzea dela diote: «Lehiaketa edozein modutara ateratzen dela ere, bidea izan da politena, gozatu egin dugu».

Eta ez daukate zalantzarik, datorren urtean errepikatuko du­tela esperientzia: «Lehiaketan parte hartu edo ez, kotxe elektrikoa eraikitzeko prozesua errepikatuko dugu, horrek balio izan digulako arlo ezberdin asko ikutzeko, oso modu erakargarrian gainera. Elektrizitateko ikasleak izanda, mekanikaz ere asko ikasi dute proiektu honi esker».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!