Gipuzkoako Txapelketa irabazita, Euskadiko Txapelketan arituko da gaur Hernaniko 14 urtez azpiko taldea

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 25a, 00:18

Getxoko Fadura zelaian jokatuko dituzte Euskadiko Txapelketako partiduak, triangular formatuan. Getxo, Gaztedi eta Hernani arituko dira elkarren aurka.

Egun garrantzitsua izango da gaurkoa Hernaniko Errugbi Elkarteko 14 urtez azpiko taldearentzat. Maiatzaren 11n Gipuzkoako Txapelketa eskuratu zuten, Bera Bera taldearen aurka 36-5 irabazita. Garaipen horrek, probintziako garaikurraz gain, Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela eman zion taldeari, eta gaur goizean jokatuko dira partidu guztiak triangular formatuan.

Getxoko Fadura zelaian jokatuko dute Euskadiko Txapelketa, eta hiru talde arituko dira bertan: Getxo (Bizkaiko txapelduna), Gaztedi (Arabako txapelduna) eta Hernani (Gipuzkoako txapelduna). Hiru taldeek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta bertatik aterako da txapeldun haundia. 

Finalik gabe geratu zen 16 
urtez azpiko taldea

Gainontzeko mailetako Euskadiko finalak ere gaur jokatuko dituzte Ordizian, baina aurtengoan ez da Hernaniko talderik izango. Aurreko asteburuan jokatu zuen 16 urtez azpiko taldeak finalerdietako itzuliko partidua, eta Faduran irabaztea lortu zuten arren (11-23), joanekoan Landaren lortutako errenta baliatu zuen Getxok finalera pasatzeko. 

 

Hernani nagusi, Euro Basque Challengue R7-n

Rugby Seven txapelketa antolatu zuten pasa den larunbatean Landaren, eta Hernaniko seniorrak nagusi izan ziren bertan. Jokatutako lau partiduak nagusitasunez irabaztea lortu zuten trikoloreek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!