Gaur amaituko dute denboraldia Hernaniko mutilek, eta kopako partidua jokatuko dute bihar Euskal Ligako neskek

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 25a, 00:20

18:00etan jokatuko dute mutilek azken partidua, Gal-en. Neskak, aldiz, Elorrion arituko dira.

Bailarako futbol talde gehienek amaitu dute denboraldia, baina gutxi batzuek asteburu honetan jokatuko dute azken jardunaldiari dagokion partidua, eta kopako partiduak ere izango dira.

Gaur arratsaldean itxiko du denboraldia Hernaniko gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak, Irungo Gal zelaian, Real Unionen aurka. Dinamika txarrean iritsi da azken jardunaldira Hernani; azken hiru partiduak galdu ditu, eta sailkapeneko 12garren postuan dago une honetan. Hasieran aurreikusitako helburuetatik urrun geratu da taldea, eta liga garaipen batekin amaitzea da jokalarien nahia. 

Aurrean Real Union taldea izango dute, sailkapeneko 9garren sailkatua. Irundarrak ere ez dira urteko bolada onenean iritsi azken partiduetara, eta jokoan ezer izan gabe jokatuko dute azken norgehiagoka. 

Gaurko partidua berezia izango da zenbait jokalarirentzat, Hernanirekin jokatzen duten azkena izango baita. Axel Sanz hernaniarra da horietako bat; joan den larunbatean omenaldi txiki batekin agurtu zuten Zubipen, eta gaurkoan jokatuko du azken partidua herriko taldearekin.

 

Elorrioren aurka arituko dira Euskal Ligako neskak

Liga lehenengo zortzi postuen barruan amaitzeagatik sari ederra jaso du Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak. Kopa jokatzeko txartela lortu dute, eta bihar arratsaldean hasiko dute lehiaketako ibilbidea, Elorrion. Gainontzean, honela geratu da koadroa: Eibar-Pauldarrak; Alaves-Ugao; eta Zarautz-Real Sociedad. 

Partidu bakarrera jokatuko dituzte kanporaketa guztiak, eta final laurdenetako partidua irabazten dutenek maiatzaren 31n jokatuko dute finalaurrekoa. Final haundia, berriz, ekainaren 2an izango da, Durangoko Tabira zelaian. 

 

Labayen memoriala, jubenilek

Labayen memorialaren 50. edizioa egingo dute gaur, Zubipen. Lau talde arituko dira jubenil mailako torneoan: Hernani (Jubenil Nazionala), Reala (Ohorezko Mailako Jubenila), Vasconia (Ohorezko Mailako Jubenila) eta Eibar (Ohorezko Mailako Jubenila). 

Goizean bi partidu jokatuko dira: 11:00etan Hernani eta Realaren artekoa, eta 12:00etan Eibarren eta Vasconiaren artekoa. Txapelketa arratsaldean amaituko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!