«Hilabeteko azken ostiraletan egingo ditugu mobilizazioak, presoen eskubideak aldarrikatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 25a, 00:20

Maiatzaren 31n izango da aurreneko hitzordua, arratsaldeko 20:00etan  Gudarien Plazatik abaituta: «nahi ditugu indarrak neurtu eta herritar gehiago bertaratzea hilean behin egingo dugun mobilizaziora. Konpromezua behar dugu, oraindik luzerako baitugu borroka».

25 urtez, ostiralero (1.200 inguru) mobilizatu dira Hernaniko preso eta iheslarien senide eta lagunak, herriko presoen eskubideen alde aldarrikatu eta dispertsioaren aurka ozen oihukatzeko asmoz. Helburu horietako bat bete da dagoeneko, izan ere, dispertsioari amaiera eman zio; Hernaniko presoak, hego Euskal Herriko espetxeetan daude; hala nola, Martutenen, Zaballan eta Basaurin. Dinamikan eraldaketa bat egin dute herriko presoen senide eta lagunek «garai berriei egokituta», aitortu dute. Kontzentrazioa hilabeteko ostiraletan izan beharrean, hileko azken ostiralean burutuko da eta aurreneko deialdia izango da maiatzaren 31n arratsaldeko 20:00etan, Gudarien Plazan. Udako ordutegiarekin batera hasiko da dinamika berria, eta hileko azken ostiraletan, herriko kaleak zeharkatuko dituzte, aldarriak oihukatuz. 

Herriko preso eta iheslarien senide eta lagunek aldaketaren zergatiak, helburuak eta nondik norakoak zehaztu dizkiote Kronikari, beren egoitzan. Elkarrizketa hasi bezain laster, 1999ra egin dute salto kontzentrazioaren erroak errepasatuz: «1999garren urtetik daramazkigu antolatzen ostiraleko kontzentrazioak. Bere garaian lehenago ere egiten ziren, baina ostiraleroko dinamikari urte horretan eutsi genion». 

Presoen senideak, egungo egoerara egokitutako pausu bat eman dutela jakinarazi dute: «egungo egoera ikusita, egokitu egin gara eta beste modu batera mobilizatzea planteatu dugu, indarrak neurtzeko. Izan ere, orain arte ostiralero mobilizatu gara dispertsioaren aurka egiteko. Orduan, orain egoera da, herritarrek uste dutela dispertsioa amaitu den honetan, presoen eskubide guztiak errespetatzen direla, eta ez da horrela. Horregatik, guk hor jarraitu behar dugu, kalera ateratzen, baina heldu da gure indarrak neurtzeko garaia». 

Egungo espetxeetako errealitateak ere elkarbanatu dituzte, «herriko presoen kopurua asko jaitsi da, baina tamalez oraindik 9 hernaniar dauzkagu preso. Eta horietatik bik kondena 2050garren urtera arte daukate. Bederatzi horietatik erdiak lortuko dute epe motzean hirugarren gradua, eta kalea zapalduko dute. Aldiz, besteak gelditzen dira espetxean, epe luzerako, eta horiek ez ditugu ahaztu behar, borroka hor dago, eta injustua bada ere, luzerako doa». 

Horren aurkako aldarria egiteko asmoz, zalaparta sortzea da herriko preso eta iheslarien senide eta lagunen asmoa, eta horrez gain herritar gehiago bertaratzea mobilizatzera: «jendeak uste du preso bat kalean ikusten duelako aske dagoela, eta ez da horrela, kondenan egon daiteke. Guk beraz, gure senideentzat eskatzen dugu eszepziozko espetxe politikarik ez aplikatzea, preso sozialekin bezala. Ez dugu nahi jendeak pentsatzea ostiralero mobilizatzeko arrazoiak gutxitu egin direnik. Gure asmoa da, beraz, hilabetean behin egitea mobilizazioa, herritar gehiagok hartzeko parte eta zalaparta gehiago sortzeko».

Gazteetan jarri dute ikusmira presoen senideek, eta mobilizazio berrietara bertaratzeko deia luzatu diete, etorkizunera begira oraindik bide luzea gelditzen dela argudiatuz: «Ostiralero mugitzen gara betikoak, eta gehienok helduak gara, orduan orain sortuko dugun formatu berri honekin, jende gehiago erakarri nahi dugu, batez ere gazteak. Haien aportazioa ikusi nahi baitugu, zoritxarrez presoen egoera tamalgarria da, eszepziozko espetxeak indarrean jarraitzen baitu eta mobilizatzen jarraitu beharko dugu urte luzez, beraz, mobilizazio hauek etenik izan ez ditzaten, gazteen indarra behar dugu». 

Helburu nagusia «espetxeak hustea» dela diote, eta mobilizazioa azken ostiraletan deituta, «jende gehiagorengana helduko garela» iruditzen zaie senideei, «gero lortuko dugun edo ez… hori barnean egin beharreko lan bat da».

 

Herritarren iritzia kontutan hartuz hartutako erabakia

Urtarrilean hasi ziren mobilizazio eraldaketari buelta bat ematen kideen artean, baina herritarren iritziak ere jasotzeko aukera ikusi zuten, parte hartze prozesu bat eginez: «mobilizaziora etortzen ziren herritarrekin ere parte-hartze prozesu bat egin dugu, nahi genuelako jakin etortzen direnen iritzia zein den eta ondorioztatu genuen parte hartu zutenen gehiengoa aldaketaren alde zegoela».

2024garren urtea eraldaketa prozesu hau martxan jartzeko urtea izan dela azaldu dute presoen senide eta lagunek «presoen aldeko mobilizazioak egiten dituzten beste herrietan ere berdina planteatu dute; ostiralero egitetik, hilean behin egitera, beti Sareren laguntzarekin. Denok heldu gara ondorio berdinera, eta erabaki berdina hartzera». 

Orain arte 100 bat lagun elkartu izan dira ostiraleroko hitzorduan, eta hauei eskerrak emateko tartea ere hartu dute presoen eta iheslarien senide eta lagunek: «ostiraleroko horiei asko eskertzen diegu». Eta elkarrizketa borobiltzeko, herritarrei egin diete deia maiatzaren 31tik aurrerako mobilizazioetan parte hartzeko: «Dispertsioa amaitu da, baina borrokan jarraitu behar dugu presoen eskubideen alde, eta hau beste borroka bat da, beraz, beste mota bateko mobilizazioak antolatuko ditugu, ahots gehiago dutenak, indar gehiago dutenak.  Orain mobilizaziotara etortzen den jendea mantendu nahi dugu, eta jende berria erakarri nahi dugu, konpromezua behar dugu, oraindik luzerako baitugu borroka».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!