Abestien bitartez munduan zehar bidaia egingo dute hernaniarrek gaur, Kantuz Egunarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 24a, 00:00

Abesbatzako kideak, Kantuz Egunaren aurreko edizio batean, Milagrosan.

Arratsaldeko 19:30etan hasiko da kontzertua Biterin, eta Kantuz abesbatzak taula gainean lagun izango ditu Ttarlako dantzariak eta Javier Perez de Azpeitia pianojolea.

Urteko hitzordu bereziena izango du Kantuz abesbatzak, gaur arratsaldean: Kantuz Eguna ospatuko du Biterin, arratsaldeko 19:30etan hasita, areto nagusian eskainiko duen kontzertuarekin.

'Munduko musikak' jarri diote izena kontzertuari, horixe izango baita emanaldiaren jomuga: munduko hamaika txokotako abestiak ekarriko dituzte Hernanira, eta horien bitartez, munduan zehar bidaia egitea proposatuko diete herritarrei.

Abesbatzako kideekin batera, hainbat lagun izango dira areto nagusiko taula gainean: Ttarlako dantzariak, eta Javier Perez de Azpeitia pianojolea. Ohi bezala, Igor Arroyo ariko da zuzendari lanetan.

12 abestiko programa, mundu osoan barrena

Guztira, 12 abesti eskainiko dizkiete abesbatzako kideek bertaratuei. Agurraren ondoren, 'Rain dance' abestuko dute aurrena, 'Heleluyan' gero, eta 'Bring me little water, Silvy' segidan. Abestiz abesti, mundu osoan barrena ibiliko dira kontzertuaren bukaerara arte: 'Hawai'i Aloha', 'Trilo' Suediako abesti herrikoi tradizionala, 'Akai hana, shiroi hana' japoniarra, 'Ipharadisi' He­go Afri­kako abesti tradizionala, 'Guan­ta­namera' ezaguna, 'Rosa ama­rela' brasildarra, 'La Adelita' me­xikarra, eta 'Mutil txaleko gorri' euskalduna, Resu­rrección María de Azkueren kan­tutegitik be­rreskuratu eta Jun­kal Guerrerok moldatutakoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!