Garaipen bat edo guztira 29 tanto nahikoa Hernanik, aurrera egiteko

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 24a, 00:00

Xabier Salaberria, aurreko partidu batean. Berak jokatuko du gaur nagusietan.

Azkoitian jokatuko du Herriartekoaren final zortzirenetako bueltakoa gaur, eta ez luke arazorik izan behar kanporaketa gainditzeko.

Emaitza paregabeak lortu zituen Hernanik, aurreko astean, Herriarteko Txapelketaren final zortzirenetan. Joaneko hiru partiduak irabazi zituen Azkoitiren kontra, eta markagailuan alde nabarmena lortu. Hori horrela, 3-0eko eta 38 tantoko aldearekin joango dira hernaniarrak Azkoitira gaur, bueltako partiduak jokatzera. Gaueko 22:00etan hasiko da jaialdia, Gurea frontoian. 

Lortutako abantailarekin eta erakutsitako mailarekin, hernaniarrek ez lukete arazorik izan beharko, kanporaketan aurrera egiteko. Nahikoa dute hiru partiduetatik bakarra irabaztea; baina hirurak galduta ere, guztira 29 tanto eginda ere lortuko lukete final laurdenetara pasea.

Joanekoan aritu zen seikotetik, hiru ariko dira gaur; maila bakoitzean bana: kadeteetan, Manex Alberdik Amets Makatzaga izango du lagun oraingoan; jubeniletan, Xuban Iturbe eta Oihan Legarreta ariko dira; eta nagusietan Xabier Salaberri­ak jokatuko du bueltakoa, Markel Lizeagarekin batera.

Gertukoen eta zaleen animorik ez dute faltako hernaniarrek Gurea frontoian, Azkoitira joateko autobusa jarri baitu CD Hernaniko Pelota Sailak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!