Hiru aste barru zabalduko dituzte igerileku irekiak, eta abonua salgai dago

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 24a, 00:00

Dozena bat haur jolasean, igerileku irekietan.

Ekainaren 14tik irailaren 8ra egongo dira zabalik, egunero 10:00etatik 20:30etara. Atzotik eskuratu daiteke udako abonua, online edo kiroldegian.

 

Juxtu hiru aste barru, ekainaren 14an, zabalduko dituzte Hernaniko igerileku irekiak. Irailaren 8ra arte egongo dira zabalik egunero, goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 20:30ak arte.

Bi aukera izango dira Udal Jolas igerilekuez gozatzeko: eguneko txartela erostea, edota uda osorako abonua eskuratzea.

Abonu hori atzotik dago salgai, eta Hernaniko kiroldegian eskuratu daiteke, edota online, labur.eus/JpL7Q helbidean. Abonua erosteko, prezio berezia izango dute Hernaniko eta Astigarragako kiroldegietako bazkide direnek. Haientzat, honakoak izango dira prezioak: helduen abonua 52,6 euro, adin txikikoena 34,75 euro, eta abonu familiarra 79,5 euro. Aldiz, kiroldegi horietan bazkide ez direnentzat, hauek dira prezioak: helduena 104 euro, adin txikikoena 63,15 euro, eta familiarra 157,95 euro.

Eguneko txartelak, bestalde, egunean bertan edo bezperan soilik erosi daitezke, internet bidez, igerilekuaren kanpoaldeko makinan edota harreran. Egun osorako txartela eskuratuz gero, helduek 8,15 euro ordainduko dituzte, 4-18 urte bitarteko gazteek 5,55 euro, eta 3 urtetik beherakoek 2,85 euro. Aldiz, arratsaldeko 17:30etatik aurrera sartzeko, prezioa merkeagoa izango da: helduen sarrera 4,10 euroan, 4-18 urtekoena 2,95 euroan, eta 3 urtetik beherakoena 1,45 euroan. Kasu horretan, sei hilabetetik beherakoak doan sartuko dira igerilekuetara.

Gainera, 11 haur edo gehiagoko taldeentzat, eskaintza berezia izango da.

1.500 lagunentzat tokia, eta bi heren abonatuei gordeta

Udalak jakinarazi du 1.500 lagunekoa dela igerilekuen aforoa. Horietatik bi heren (1.000 plaza) abonatuentzako egon­go dira gordeta, eta gainerakoak bideratuko dira eguneko salmentara.

Aforoa gainditzerik ez dago­enez, abonua izateak «ez du sarrera bermatzen», Udalak jakinarazi duenez. Horregatik, unean uneko okupazioa ezagutzeko aukera izango da kirola.hernani.eus webgunean, eta bertaratu aurretik begiratzea gomendatu dute.

Uretan 500 lagun egon ahal izango dira aldi berean. Muga hori gainditzen den egunetan bandera gorria jarriko dute, eta 20 minutuko txandak ezarriko dira uretan egoteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!