Karabel auzoko jaiak iragartzeko kartel lehiaketa jarri dute martxan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 23a, 00:00

Karabelgo festetan aurpegiak margotzen.

7-12 urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago, eta maiatzaren 29an eta 31n entregatu daitezke lanak.

Belkara auzo elkarteak kartel lehiaketa antolatu du aurten, 2024ko Karabelgo Jaiak iragartzeko. Auzoko jaiak iragartzeko kartela hautatzea da helburua, eta 7 eta 12 urte arteko gaztetxoei dago zuzenduta.

Lanak A3 tamainako orrian aurkeztu beharko dira, eta azken urteetan bezala, Belki Arrautza agertu beharko da kartelean, eta baita auzoaren ezaugarri bereizgarri den zerbait. Belkara auzo elkarteko lokalean (Olaeta 23) aurkeztu behar dira kartelak maiatzaren 29an, goizeko 09:00etatik 13:00etara; edo maiatzaren 31n, 09:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Lanarekin batera, umearen izen-abizenak, adina eta kontaktatzeko heldu baten telefonoa edo emaila jarri beharko dira sobre itxi batean. Hau marrazkiaren atzekaldean itsatsita egon daiteke. Lanak entregatzeko epea maiatzaren 31n bukatuko da, eta epaimahaiak kartel irabazlea aukeratuko du artista zein den jakin gabe. Kartel irabazlea ekaineko bigarren astean jakinaraziko da.

 

50 euroko opari txartela, kartel irabazlearen egileak

Lehiaketako kartel irabazleak sa­ri bikoitza izango du: batetik, 2024ko Karabel auzoko jaien kartel iragarlea izango da; eta bestetik, Elkar dendan erabiltzeko 50 euroko opari txartela jasoko du egileak.

Saririk jasotzen ez duten kartelak berreskuratzeko, egile­ek Belkara auzo elkartean bertan eskatu beharko dituzte, edota belkaraae@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Ekainaren 30a izango da lanak berreskuratzeko azkeneko eguna; bestela, lanak jai batzordearen esku geldituko lirateke. Lehiaketan parte hartzeak, oinarriak bere osotasunean onartzen direla adierazten du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!