Autokonponketa tailerra jarri du martxan Hernaniko Udalak Karabelen

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 23a, 00:00

Ainara Atorrasagasti zinegotzia eta Tamara Zapiain teknikaria, tailerrean.

Hilaren 28an, zerbitzua ezagutzera emateko ate irekiak izango dira lokala dagoen tokian, Oleta plazako 25garren zenbakian.

Hernaniko Udalak autokonponketa tailerra jarri du martxan. Zerbitzu berri hau Karabel auzoko Oleta plazako 25garren zenbakian aurkituko dute herritarrek, maiatzaren 28tik aurrera. Egun horretan, ate irekiak izango dira, herritarrek zerbitzua ezagutzeko aukera izan dezaten.

Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak adierazi du, zerbitzu berri hau «Hernanin hondakinen zero zabor filosofiarekin dugun konpromisoaren erakusle» dela. «Gure herriak hondakinen kudeaketan egiten duen lanean beste urrats bat gehiago da». Ingurumen zinegotziak herritarrak gonbidatu ditu ate irekien egunean bertaratzera, zerbitzua ezagutu dezaten.

Atorrasagastik azaldu duenez, «hondakinen prebentzioarekin lotuta» sortu du Ingurumeneko Hondakinen Sailak zerbitzu berri hau. «Egungo sistemak kontsumo azkarra sustatzen du. Neurrigabeko kontsumo horrek inpaktu negatiboak ditu ingurumenean eta kutsaduran», azaldu du. 

«Hondakinik onena, sortzen ez dena» dela gogora ekarri du Atorrasagastik. Hain zuzen ere, horixe da autokonponketa tailerraren helburua: hondatutako bizikleta, aparailu, altzari eta arropen bizitza luzatzea. «Hondakinen sorrera ekidin nahi da, materialei bizi berri bat emanez eta ekonomia zirkularra sustatuz», nabarmendu du.

 

Hiru gunetan banatuta dago konponketa tailerra 

Tamara Zapiainek, Hernaniko Uda­leko Jasangarritasun teknikariak, azaldu du tailerra hiru gunetan banatu dutela: «Bizi­kle­ten konponketa txokoa, aparailu elektriko eta elektroniko txikiak konpontzekoa, eta joskintza gunea. Eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun tresnak konponduz, berreskuratuz eta berrituz, berrerabiltzea sustatu nahi dugu». Erabiltzaileak tailerrean konponketak egiteko beharrezko erremintak aurkituko ditu, «baina materiala berak eraman beharko du». Horiek herriko komertzioetan eskuratzera gonbidatu ditu herritarrak Hernaniko Udalak.

Konponketa tailerra erabiltzeko ez da aldez aurretik txandarik hartu beharko. Hara joatea aski izango da. Horrez gain, bi erreminta-kaxa ere jarriko dira herritarren eskura, «gailu eta altzari txikiak konpontzeko tailerra izango baita; baina suertatu daiteke etxean gauza haundiagoak konpontzeko beharra izatea, eta erremintak faltatzea. Horretarako, kaxa hauek utziko ditugu maileguan», azaldu du Zapiainek.

Asteartetan egongo da irekita (10:00-13:00 eta 16:00-19:00) eta hileko lehenengo larunbatean ere bai (10:00-13:00). Tailerrean hezitzaile bat egongo da, erabiltzaileen zalantzak argitzen laguntzeko

 

Hilero formakuntza ikastaroak antolatuko dira 

Konponketa tailerrean dauden altzari guztiak berrerabilitako­ak dira. Hernaniko Udalak al­tzari bilketan zein poligonoeta­ko hondakinen bilketan jaso­tako materialak berrerabiliz egin ditutze Udaleko arotzen bertan dauden mahaiak, txokoak edota erremintak jasotzeko altzariak.

Konponketa tailerrean for­ma­­kuntza ikastaroak ere eskai­­­ni­ko dira, hilero. Herriko komer­­tzioek emango dituzte ikasta­ro hauek, eta altzarien berritzea­ri, joskintzari, informatikari edota bizikleten konponketei buruzkoak izango dira.  

Ikastaro hauetako lehenengoa ekainaren 1ean izango da (10:00etatik 11:30etara, euskeraz). Lehenengo saio horretan al­tzariak berritzen eta dekora­tzen erakutsiko dute Aurki es­ku­la­ne­tako arduradunek. Saioa doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da, plazak mugatuak baitira. Horretarako konpondu@hernani.eus helbidera idatzi beharko da, edo 688 67 59 64 telefonora deitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!