Higiezinen arrazakeria salatu dute

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 22a, 00:00

Provivienda enpresaren arabera bertakoen %34,8ri kontratu mugagabea eskatzen zaie, migratzaileei, aldiz, %62,2ri eskatzen zaie.

 

Hernaniko Stop Kaleratzeak, Hernaniko Etxebizitza Burujabe eta AMHER SOS Arrazakeriak elkarteak higiezinen (etxebizitzena) arrazakeria salatu du eta datuak argitaratu ditu salaketa indartzeko. Elkarteek dioenez «Gaur egun Hernanin ezinezkoa da hilean 900 euro baino gutxiagoko alokairuko etxebizitza bat aurkitzea. Guztiok pairatzen dugun etxebizitza-krisi hau bereziki da baztertzailea gure auzokide migratu edota arrazializatuekin. Izan ere, batez bestekoa baino diru-sarrera txikiagoak izateaz gain, diskriminazioa, aurreiritziak eta arrazakeria ezkutatzen dituzten berme haundiagoak eskatzen dizkiete».

Higiezinen arrazakeriari buruzko Provivienda enpresaren azterlanen arabera, bertakoen %34,8ri kontratu mugagabea eskatzen zaie, migratzaileei, aldiz, %62,2ri eskatzen zaie. Higiezinen agentziek bertakoen %19,9ri eskatzen diete abala, eta migratzaileen kasuan, %32,3ri. Autoktonoen %21,2ri igogailurik gabeko etxebizitzak eskaintzen zaizkie, eta migratzaileen kasuan, %38,5i.

 

Hernanin 800 etxebizitza huts baino gehiago daude

Elkarteen esanetan, «etxebizitza eskubidearen merkantilizazioak (adibidez, pisu turistikoen gorakadak) maizterren prekarizazioa ekarri du». Idealistaren arabera, Donostiako merkatuan eskuragarri dauden logelen kopurua %42 igo da azken urtean. Logelako batez besteko prezioa 425 euro hileko da, eta Espainiako prezio altuenetako bat da Gipuzkoako hiriburukoa. «Hernani, 800 etxebizitza huts baino gehiagorekin, ez dago merkatu espekulatibo eta suntsikor horretatik kanpo».

«Etxebizitza oinarrizko giza eskubidea da, eta haren erabilera sozialaren alde egin dugu, pertsona guztientzat eskuragarri egon dadin, jatorria edo arraza edozein dela ere. Hernanin etxe bat aurkitzeko pertsona migratuek edota arrazializatuek jasaten duten diskriminazioa geitzesten dugu». k

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!