Gloria Cuartasen bisita jaso zuen Hernanik, joan den ostegunean. Kolonbiako Bake Prozesuaren Unitateko zuzendaria eta Gobernuko kidea denak, Hernaniko Udalaren harrera jaso zuen, eta lan saioa ere egin zuen, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako zinegotziekin: EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko kideekin, alegia. Saio horretan, gogoetak partekatu zituzten, gatazka armatuaren ondorengo elkarbizitzaz eta bakearen kudeaketaz.
'Hernani munduari begira' jardunaldien baitan etorri zen Cuartas Hernanira, Freytter elkartearen bitartez. Izan ere, ostegun arratsaldean, hitzaldia eskaini zuen Kulturarteko Plaza Feministan: Bakearen kudeaketa gatazka armatu baten ondoren.
Politikagintzan eta giza eskubideen mugimenduan ibilbide luzea egin du Gloria Cuartasek. Kolonbiako Antiokia eskualdeko Apartadó herriko alkate izan zen, eta garai hartan, Bakearen Aldeko Alkateen Munduko Saria jaso zuen, 1996an.
12 urte beranduago, 2008an, Giza Eskubideen Munduko Saria jaso zuen Cuartasek, eta munduan bakearen alde lan egiten duten 60 emakume garrantzitsuenen artean aipatu izan du UNESCOk. Emakumeen Gaietarako Latinoamerikako aholkularia da UNESCOn, eta Kolonbiako Lan Ministeritzako aholkularia izana da, baita senataria ere.