Bioaniztasunaren Astea ospatuko dute bihartik Hernanin, tailer, hitzaldi eta ibilaldiekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 20a, 00:00

Sagarreta Natur Taldeko kideak, Urumean egindako ibai garbiketa batean.

Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna da etzi, eta horren bueltan egitarau oparoa prestatu dute Udaleko Ingurumen Sailak eta Sagarreta taldeak.

Etzi izango da Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna, maiatzaren 22a; eta hori ospatzeko, sei jarduera prestatu dituzte Hernaniko Udaleko Ingurumen Sailak eta Sagarreta Natur Taldeak, Her­nani Burujabeko Bioaniztasun Mahaiaren bueltan elkartuta. Bihar hasiko da Bioaniztasunaren Astea izendatu dutena, eta tailer, hitzaldi eta ibilbide bereziak izango ditu.

Egitaraua osatzeko garaian, arreta berezia jarri dute Hernaniko eta Urumea ibai­ko biodibertsitatea ezagutzeko jardueretan eta transmisioan. Doakoak izango dira ekintza guztiak, baina batzuetan izena eman beharko da aldez aurretik, plaza kopurua mugatua baita.

Saio bikoitza izango da bihar, estreinako egunean: 'Hizki Pizti' jolasaren inguruko tailerra, eta erriberetako landare inbaditzaileen arazoari buruzko hitzaldia. Tailer eta hitzaldi gehiago izango dira hurrengo egunetan, guztiak ere Biterin. Kanpoan egingo duten bakarra, BiodiBERTSO ibilbide berezia izango da. Kaxkoan barrena, Urumeako biodibertsitatearen inguruko sei panel jarri dituzte, eta haien inguruko azalpenak emango dituzte, modu zientifikoan zein bertsotan.

MAIATZAK 21, asteartea

Familientzako 'Hizki pizti' tailerra, 17:00etatik 18:30etara Biterin. 5-7 urteko haurrentzat. Doakoa, baina plaza mugatu­ak; izenematea: 943 33 70 31 edo ingurumena@hernani.eus.

Hitzaldia: 'Landare inbaditzaileen arazoa erriberetan', Aitziber Saroberekin (biologoa eta natur kontserbazionista) eta Jon Zulaikarekin (biologoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko landare babestuen arduraduna). 19:00etan, Biterin.

MAIATZAK 22, asteazkena

Animaliak marrazteko tailerra, 17:00etatik 18:30etara Biterin. 6 urtetik gorakoentzat. Doakoa, baina plaza mugatu­ak; izenematea: 943 33 70 31 edo ingurumena@hernani.eus.

MAIATZAK 23, osteguna

Hitzaldia: 'Urumea ibaia: Arrain fauna eta ibai ekosistema. Bilakaera eta gaur egungo egoera', Iker Azpiroz biologo eta Ekolurreko ingurumen aholkulariaren eskutik. 19:00etan Biterin.

MAIATZAK 25, larunbata

BiodiBERTSO ibilbidea, Iñaki Sanz-Azkue biologoarekin eta Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariekin. 11:00etan Plazatik abiatuta.

EKAINAK 1, larunbata

Animaliak marrazteko tailerra, 11:00etatik 12:30etara Biterin. 6 urtetik gorakoentzat. Doakoa, baina plaza mugatu­ak; izenematea: 943 33 70 31 edo ingurumena@hernani.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!