Ostiralean bukatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearen aurreneko itzulia, Oñatiko saioarekin; eta albiste onak ekarri ditu Hernaniko Bertso Eskolara: Andoni Rekondok irabazi zuen saioa, 346 punturekin. Hernaniarrak 19,5 punturen aldea lortu zuen Maddi Aiestaran bigarrenarekin, eta oso toki onean ekingo dio bigarren itzuliari. Izan ere, sailkapen nagusian, hirugarren puntuazio altuenarekin dago.
Ia ariketa guztietan izan zen onena Oñatin, eta bereziki ganbarako lanean (109,5 puntu) eta hamarreko txikian (84 puntu) jo zuen goia.
Bailarako lau bertsolari, bigarren itzulian
Aurreneko itzulia bukatuta, osatu da bigarren itzulirako zerrenda. Bertan izango dira bailarako lau bertsolari: Andoni Rekondo bera, Eli Pagola (323 puntu), Iker Ormazabal 'Tturko' (314 puntu) eta Andoni Mujika 'Anatx' (307 puntu). Arnaitz Lasartek (303,5 puntu) ere lortu du pasea, baina uko egin dio bigarren itzulian aritzeari. Aldiz, kanpoan geratu da Ekain Tolaretxipi, 288,5 punturekin.
Orain, beste saio banatan aritu beharko dute sailkatutako bertsolariek. Andoni Mujika Pasaian ariko da maiatzaren 25ean; Eli Pagola eta Iker Ormazabal Alegin maiatzaren 26an; eta Andoni Rekondo Elgetan ekainaren 1ean.
Denera zortzi saio izango dira bigarren itzulian, eta Hernanin jokatuko da horietako bat, ekainaren 2an. Biterin izango da, 17:00etan hasita; eta honakoak ariko dira bertsotan: Aitor Zubikarai, Antton Aizpurua, Maddi Aiestaran, Maialen Akizu, Urko Egaña eta Uxue Fernandez. Saio guztietarako sarrerak salgai daude, bertsosarrerak.eus atarian.
48 bertsolarik egin dute aurrera bigarren itzulira, eta horietatik 34 sailkatuko dira Gipuzkoako Txapelketara. Bailarako lauak daude sailkatzeko aukerarekin: hirugarren dago Andoni Rekondo, 13garren Eli Pagola, 26garren Iker Ormazabal, eta juxtu 34garrena da Andoni Mujika.