Gaur goizean, Hernani Zero Zabor elkarteak Zubietako erraustegiaren atariraino protesta egiteko hitzordua du, eta herritarrei mobilizazioarekin bat egiteko deia luzatu diete. Goizeko 11:00etan aterako dira Lasarteko Okendo plazatik, eta bertatik abiatuko dira oinezko martxan, erraustegiraino. Ondorengoa izango da aldarria: «agintariei exijitzen diegu geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon». Protesta hau Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatu du eta beste hainbat elkarterekin batera Hernaniko Zero Zabor batu da protestara.
Hondakinak kudeatzeko badaude errausketa baino sistema hobe, garbiago eta merkeagoak, eta Gipuzkoan bertan martxan dauzkagu hainbat herritan, tartean Hernanin. Baina Hernani, Usurbil eta hondakinak ondo kudeatzen ari diren beste herrion eredua Gipuzkoa osora zabaltzeko partez, EAJ eta PSEko agintariak tematzen dira justu kontrako norabidean. Horregatik da hain garrantzitsua herritarron mobilizazioa. Alferrikako erraustegi kutsatzaile hau gelditu beharra daukagu».