2023-2024 ikasturtean zehar, Urumea ikastolako ikas komunitatea, ikastolako patio eraldaketarako prozesuan murgilduta egon da. Eta aitortu dute prozesuaren motor izan direla ikastolako haurrak, «gainera hasieratik izan dugu argi prozesu parte hartzaile bermatzeko, beharrezkoa zela herriko eta inguruko eragile publikoen parte hartzea izatea». Prozesua polita izan dela diote buru-belarri ibili direnek; eta parte hartu dute ikastolako ikasleek, irakasleek, familiek, Gibelalde bizilagun elkarteak, Sandiusterriko zaharren egoitzak eta Hernaniko Udalak.
Prozesu guzti honetan zehar, ondorengoa ondorioztatu dute jolas eremuei buruz: «ikaskuntza, jolasa, mugimendua eta kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko gune inklusiboak izan behar dute». Horrela, helburu dute haurren eta ikastolako familien beharrak asetzeaz gain, Lizeaga auzoan eta Hernanin eskola-orduz kanpoko topagune eta sozializazio gune erakargarri bat sortzea.
Amaitzeko, ikasturtea bukatu aurretik QR bidez ikusi daitekeen bideo labur bat osatu dute: «beraz, ikusi eta gozatu. Ea epe motzean, guztion artean ikastolako haurrentzat eta Hernaniko herritarrentzat amestu eta irudikatu dugun patioaren eraldaketa prozesua gauzatzeko urratsak egi bihurtzen ditugun».