Emakume guztientzat segurua den eremua sortu nahi zuen Ane Lopez de Arregik, eta asmo horri jarraika ireki zituen Ilgorako ateak orain bi urte Kale Nagusian. Zoru pelbikoaren tratamendua, erditzeostea, erditze aurrea, hilerokoak eragindako mina eta menopausia, besteak beste lantzen da Ilgoran, baina azken urtean laktantziari berebiziko garrantzia eman zaio.
Erditze aurreari arreta berezia jarri dio Ilgoran Ane Lopez de Arregik eta baita erditzeosteari, horrexegatik laktantzia da berrikuntza tratamenduetan. «Zoru pelbikoa eta laktantzia batez ere ari naiz lantzen orain». Azken datuen arabera amatasunak gora egin du 2023an eta 2024an ere bide beretik doala dirudi. Ilgoran nabaritu dute. Horrexegatik, besteak beste, dute garrantzia Ilgora bezelako zentruek. «Jendea gehiago zaintzen da. Lehen gehiago etortzen zen erdiostean, baina orain erditze aurretik etortzen dira haurdun dauden emakumeak ariketa fisikoa egitera, balorazio bat egitera eta ondoren erditzeostean etortzen dira. Kontzientzia igo egin da».
Gustora dago Ane Lopez de Arregi proiektuaren norantzakoarekin. «Behar bat bazegoela igertzen da eta ongi funtzionatu du hasieratik». Amatasunean lan asko egin daiteke. «Asko hartzen du eta parte hormonala osasunean asko zaintzen dugu Ilgoran. Aldaketa potenteenak izaten ditugu emakumeok menarkian hilerokoa jaisten hasten denean, gero haurdunaldian eta gero menopausian. Fase horietan laguntza asko behar da».
Haurdunaldian lan taldea egoten da. «Erditze ostean ere bai. Beraien artean babestu egiten dira eta laguntza psikologikoa badago. Laktantzian saioak egiten ditugu emaginekin. Informazio desegoki eta ezjakintasun asko dago, profesional asko ez dago formatua eta ama asko galduta aurkitzen dira garai horretan. Iritzi mota asko jasotzen dituzte alde ezberdinetatik. Taldean elkartzea, kasuak ikustea, eta pixkanaka beraien artean lantzea oso garrantzitsua da. Kasu asko banaka tratatu behar dira, umea tratatu behar delako edo amaren ohiturak aldatu behar direlako. Kasuan kasuko ikusi behar da, baina egia da taldean egiteak asko laguntzen duela».
Ane Lopez de Arregik dioenez, laktantziaren inguruan azken boladan asko ari omen dira ikasten. «Orain arte ez da egon informazio gehiegi. Bakoitzak bere aldetik ikasi du eta falta da jakituria hori elkartu eta koherentzia aplikatzea. Asko aurreratu da mundu honetan, baina oraindik bide asko dago egiteko eta ikasteko. Gero eta profesional gehiago gaude horretan lanean eta gure artean elkarlana beharrezkoa dugu. Amek laguntza behar dute».
Laktantzian amek laguntza behar dutela argi dute Ilgoran. «Utzi egiten dute umeak ez dute pisurik hartzen, amak sufritu egiten du, umea gaizki ikusten dute... ez die konpentsatzen. Hor dator amaren sufrimentua, kulpa, gaizki pasatzen dute eta bigarrenean ez dute hortik pasa nahi. Laguntza integrala behar da eta garrantzitsuena amak zer nahi duen entzutea da».
Amatasuna lantzeak Ilgoran ez du baztertzen menopausiaren inguruko lana. «Parte hormonalaren barruan aldaketa fisiko eta emozional indartsua gertatzen da, hori lantzeko ere jendea etortzen da».
ORDUTEGIA
Astelehena
09:00-13:00/15:00-20:00
Asteartea
08:00-13:00/15:30-18:30
Asteazkena
09:00-13:00/16:00-20:00
Osteguna
08:00 - 13:00/15:30-18:30
Ostirala
08:00-15:00
Kale Nagusia, 52
Tfnoa: 681 28 20 75