Euskadiko trainerila Txapelketa, Ondarroan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 18a, 00:00

Hernaniko Arraun Elkarteak bihar parte hartuko du 10:30etatik aurrera kadete eta jubenil nesketan.

Aurreko asteko Gipuzkoako Txapelketa eta gero, bihar 10:30etatik aurrera Euskadiko Trainerila Txapelketa jokatuko da Ondarroako uretan kadete, jubenil eta senior mailetan. Hernani Arraun Elkarteak kadete eta jubenil nesketan parte hartuko du. 

Aurten, lehen aldiz, kadeteen txapelketak ari dira jokatzen traineriletan. Kadeteen estropadak bi luzetara izaten dira (1.750 metro) eta jubeniletatik aurrera lau luzetara izaten dira estropadak (3.500 metro). 

Gipuzkoako Txapelketa itsas zabalean izan zen Getarian eta nabaritu zuen Hernanik. Erik Gonzalez entrenatzailearen hitzetan, «Ondarroan jokatuko den Euskadiko txapelketari begira jarrita itsasoan pixka bat gehiago entrenatu dugu; helburua, lehen hiruen artean sailkatzea da. Gogotsu goaz». 

Kadeteak ez ezik, neska jubenilak ere lehiatuko dira Ondarroan. Asier Ocon, jubenilen entrenatzaileak, orain arte neskek egindako lana goraipatzen du. «Gipuzkoako Ligako lau estropadetan, hiru aldiz egin dute neskek bigarren, eta sailkapen orokorrean, hirugarren sailkatu dira Tolosaldearekin puntutan berdinduta. Talde osoak parte hartzeko aukera izan du, beraz, oso pozik gaude lorturiko emaitzarekin. Gipuzkoako txapelketan, berriz, zapore gazi-gozoarekin amaitu genuen. Itsasoa mugitu samarra zegoen, olatuak, haizea… Neskek ez zuten gozatu. Halere, azkenean, hirugarren postua lortu zuten; brontzezko domina».

Bihar, itsaso zabalean jokatuko da Euskadiko Txapelketa eta neska jubenilak oso animatuta daude. Helburua podiumetik hurbil ibiltzea da; «ez da erronka erraza, beraz… ea zer gertatzen den», aipatzen du Oconek. 

 

Neska infantil eta mutil jubenilak, Arabara

Badira urte batzuk, sasoi honetan, Ebro ibaiaren ezkerraldean dagoen, Araba Errioxako Lapuebla de Labarcan batel estropadak ospatzen direla. Hernanik behin baino gehiagotan parte hartu izan du bertan, eta gaur (11:00etan) Ardoaren VII. Banderan lehiatuko da. Beti bezala, neska infantilak, eta mutil kadeteak duten guztia emango dute bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!