Dominaz bustita, Gipuzkoako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 18a, 00:00

Tolosan maila onean aritu ziren hernaniarrak.

Tolosan jokatutako txapelketan hamabost domina eskuratu dituzte maila eta modalitate ezberdinetan.

Hernaniko gimnastek emaitza bikainak lortu zituzten Gipuzkoako Txapelketan, Tolosan, eta domina askorekin bueltatu ziren Hernanira. Gainera gimnastika denak, maiatzaren 26an, Durangon jokatuko den Euskadiko Txapelketara sailkatu ziren. 

Hilabete guzti hauetan egin duten lana erakutsi ahal izan zuten gehienek, eta izugarrizko emaitzak lortu zituzten: Kadete B mailan, Ainhoa Prados Gipuzkoako txapeldunorde izan zen sailkapen orokorrean, A mailara igoera lortuz. Mazoan txapeldun izan zen eta uztaian laugarren amaitu zuen.

Esanguratsua izan zen taldeka Hernanik lortu zuen garaipena jubenil B mailan A mailara igoera lortuz. Jone Aguilarrek brontzea lortu zuen pelotan, xingolan bosgarren izan zen, sailkapen orokorrean bezala. Maider Iriondok bosgarren amaitu zuen pelotan, seigarren xingolan eta seigarren sailkapen nagusian. Elene Rodriguezek zazpigarren amaitu zuen pelotan, laugarren xingolan eta zazpigarren sailkapen orokorrean.

Seniorretan, A mailan, Hernanik taldeka brontzea eskuratu zuen. Senior B mailan June Ruedak hiru brontzezko domina eskuratu zituen: uztaian, xingolan eta sailkapen orokorrean.  

Senior Master A mailan lortu ziren domina gehien. Ainara Rueda Gipuzkoako txapeldun izan zen sailkapen orokorrean eta xingolan, eta azpitxapeldun uztaian. June Clementek brontzeak lortu zituen sailkapen orokorrean eta xingolan, laugarren amaituz uztaian.  Senior Master B mailan Nerea Etxarrik A mailara igotzea lortu zuen sailkapen orokorrean bigarren amaituz, xingolan ere zilarrezko domina lortu zuen eta uztaian laugarren izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!