Hernanik Lehenengo mailara igotzeko aukera izango du gaur Kiroldegian, Casa de la Rioja taldearen aurka

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 18a, 00:00

Hernanik Casa de la Riojaren aurka jokatuko du gaur igoera.

Hirugarren sailkatua ere mailaz igoko da eta bi taldeek aurreko astean galdu arren Final Fourreko lehenengo partidua, gaur 16:00etan hasiko den partiduko garaileak sari potoloa izango du igoerarekin.

Hernaniko saskibaloi talde nagusiak bigarren aukera izango du gaur, 16:00etatik aurrera, Gipuzkoako Lehenengo mailara igotzeko. Horretarako Casa de la Rioja gainditu beharko du Hernaniko kiroldegian. Aukera bikaina da etxeko zaleen bultzadarekin helburu nagusia lortzeko. 

Bigarren mailatik lehenengo mailara, lehenengo hiru sailkatuak lortzen dute igotzea, eta nahiz eta, aurreko astean bi taldeek Final Fourreko lehenengo partidua galdu, gaur aukera berri bat izango dute. 

Elorri Aldaparen aurka galdu zuten hernaniarrek finalerdian eta Bosteko Irauliren aurka donostiarrek. Biak ere erraz galdu zuten etxetik kanpo 17 eta 18 puntuko desabantailarekin. Fase erregularrean Hernanik hirugarren amaitu zuen eta gaurko aurkariak laugarren. Horregatik jokatuko da norgehiagoka Hernanin. Hala ere, oso talde parekoak dira maila aldetik. Denboraldian zehar izan dituzten emaitzak ikusi besterik ez daude. 

Lehenengo fasean Casa de la Riojak 11 partidu irabazi zituen eta hiru galdu. Hernanik berriz zazpina partidu berdindu eta galdu zituen. Onenen fasera juxtu pasa ziren hernaniarrak, baina bigarren fasean hobekuntza nabaria izan zuten berdeek eta azken sailkapenean Hernanik eta Casa de la Riojak zazpina partidu irabazi eta galdu dituzte. Bien arteko bi partiduak lehenengo fasean jokatu zituzten. Azaroaren 19an Hernanik garaipena lortu zuen Donostian 58-60. Otsailaren 11n bigarren itzuliko partidua jokatu zuten eta orduan garaipenak Donostiara egin zuen ihes Hernanitik, 51-57. 

«Denen artean lortuko dugu»

Igoera eta garaipena lortzeko zaleen animoak beharrezkoak izango dira eta Hernaniko klubetik dei egin die zaleei kiroldegira hurbiltzeko. «Denen artean lortuko dugu igoera». Sare sozialetan girotu dute gaurko partidua eta zaletu asko hurbiltzea espero da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!