Mendekosteetako egun haundia ospatuko dute gaur Florida-Etxeberriko bizilagunek

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 18a, 00:00

Haurren danborradak hartuko ditu gaur auzoko kaleak.

Atzo bota zuten jaien hasierako txupinazoa, eta helduen danborradak auzoko kaleak zeharkatu zituen. Gaurkoa da festetako egun haundia, eta goizetik gauera izango dira jarduerak, haur, gazte zein helduentzat. Florida-Etxeberriko festak bihar eguerdian amaituko dira, III. Sukaldaritza lehiaketa egin ondoren. 

Atzo gauean jarri zuten Hernaniko auzoetako festen lehenengo katebegia, Florida-Etxeberri auzoan. Gaueko 23:00etan bota zuten Mendekoste jaiak hasteko txupinazoa, eta jarduera ugariz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, bihar eguerdira arte. 

Festak gauean hasi baziren ere, arratsaldetik sortu zen giro ona auzoan. Izan ere, Etxeberriko pelotalekuan jokatu zituzten Mendekosteetako Pelota Txapelketako lehenengo partiduak. Hortaz, giroa bero-bero iritsi ziren 23:00etara; orduantxe piztu zuten lehenengo suziria, eta eztanda egin orduko atera zen helduen danborrada auzoko txoko guztiak girotzera. Urteroko legez, giro ederra sortu zuten bertako kaleetan. 

Danbor hotsak jarraipena izango du gaurkoan ere, goizeko 11:00etan aterako baita auzoko haurren danborrada, bezperan gurasoek piztutako giroa birsortzera. Danborradaz gain, hirugarren W40K mahai jokoaren txapelketa, jubilatuentzako jolas ezagunak, luncha eta pelotako finalaurrekoak izango dira gaur goizean zehar. 

 

Jarduera gastronomikoekin beteko dute eguerdia

Goizeko jardueretan sortutako goseari erremedio ezinhobea emango diote eguerdian. 13:00etan egingo dute ohiko patata tortila txapelketa, eta ordu t'erdi beranduago, 14:30etan, paella jate herrikoia antolatu dute Etxeberriko pelotalekuan. 

Arratsalderako energia pixka bat gordetzea gomendagarria izango da gaurkoan, betekadarekin bukatuta ere ez baita siesta egiteko denborarik geratuko. Haurrek kirol jolasak eta txokolate jana izango dute, eta helduak Etxeberri Elkarteak antolatutako Mus Txapelketan arituko dira. Ondoren, 18:30ak aldera, Tor Magoaren ikuskizunak hartuko du protagonismoa.

Iluntzerako, afari herrikoiaren aurretik eta ondorenerako, GorkaMendDJ-en disko festa antolatu dute, eta eguna borobiltzeko zezen suzkoa eta su artifizialak izango dira.

 

Lehiaketekin amaituko dituzte Mendekosteak

Biharko eguna hildakoen omenezko mezarekin hasiko dute, 11:00etan. Ondoren, 12:00etan jokatuko dituzte, auzoko frontoian, Pelota Txapelketako final haundiak. Bitartean, sagardo dastaketa antolatu dute, eta III. sukaldaritza lehiaketak emango dio zapore berezia. Aurtengoan ere osagai sekretuekin sukaldatu beharko dute parte hartzaileek, eta ikusteko dago ea nork eramango duen txapel preziatua etxera. 

Jaiak hasi bezala amaituko dituzte: burrunbarekin. Izan ere, eguerdiko 14:30etan azken traka botako dute.

 

MENDEKOSTE JAIAK

FLORIDA-ETXEBERRI AUZOAN

GAUR

09:00-19:00, Mendekosteen 
III. W40K Txapelketa, 1go 
blokeko arkupeetan

10:00, Pelota Txapelketaren finalaurrekoak

11:00, Haurren danborrada

11:00, Jubilatuentzako jolas ezagunak eta luntxa

13:00, Patata tortilla txapelketa

14:30, Paella-jate herrikoia, Etxeberriko frontoian

16:00, Mus Txapelketa, Etxeberri Elkarteak antolatuta

16:00, Kirol jolasak 4-15 urtekoentzat, Denontzat gimnasioak antolatuta

17:30, Haurrentzako 
txokolate-jatea

18:30, Tor Magoaren ekitaldia, Etxeberriko frontoian

20:00, Bingo herrikoia

21:00-00:30, Disko festa, 
GorkaMendDJrekin

21:30, Afari herrikoia, 
Etxeberriko frontoian

23:00, Zezensuzkoa eta 
su artifizialak

BIHAR

11:00, Meza nagusia, 
hildakoen omenez

12:00, Pelota Txapelketaren finala

12:00, Sagardo dastaketa

14:30, Jaien amaiera eta azken traka

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!