«Gogor entrenatu dute jokalariek eta argi daukagu maila ona emango dutela»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 18a, 00:00

Oier Alegria eta Lidia Vázquez, Kronikarako elkarrizketan.

Euskal Ligara igotzeko fasea jokatzen ari dira Hernaniko Eskubaloi Taldeko kadeteak eta jubenilak. Bihar jokatuko dituzte partidu erabakigarriak, Corazonistasen aurka. Egindako ibilbidea ezagutzeko, Oier Alegria eta Lidia Vázquez entrenatzaileekin hitz egin du Kronikak.

Atzo hasi ziren jokatzen Hernaniko Eskubaloi Taldeko kadeteak eta jubenilak Euskal Ligara igotzeko bigarren fasea. Hernaniren, Corazonistasen eta Basauriren artean jokatuko dute igoera, eta Hernaniko kiroldegian izango dira partidu guztiak. Maila desberdinetan aritu arren, klub bakarrak lortuko du igoera; hortaz, talde bakoitzak lortzen duen emaitza erabakigarria izango da.

Oier Alegria da Hernaniko kadeteen entrenatzailea, eta Lidia Vázquez jubenilena. Eskubaloiaz gain, harreman berezi batek elkartzen ditu bi entrenatzaileak, ama-semeak baitira. Igoera faseari eta egindako denboraldiari buruz hitz egin dute Kronikarekin, eta sentsazio onak dituzte geratzen den jardunaldirako.

Atzo hasi zineten, gaur atsedena duzue, eta bihar jokatuko dituzue igoera faseko azken norgehiagokak. Zer moduz daude taldeak? 

L.V.: Ni jubenilen taldeko entrenatzailea naiz, 15 jokalari dauzkagu taldean, eta oso denboraldi ona egin dugu. Azken txanpara pozik eta gogotsu iritsi gara, eta entrenatzaile modura harro nago sortu dugun taldeaz. Egia da luze doala denboraldia eta nekea ere nabaritzen dela, baina azken bi asteetan gogor entrenatu dugu, eta oso argi daukat maila ona emango dutela jokalariek. 

O.A.: Kadeteen taldeari dagokionez, jokalari gutxiago gara, 13ren bueltan gabiltza, eta nahiko juxtu ibili gara denboraldian zehar. Infantil batzuk igo behar izan ditugu taldea osatzeko, atezaina falta zitzaigulako. Jubenilekin alderatuta, nabaritzen da jokalariak gazteagoak direla, urdurixeago ikusten ditut, baina normala da. Bigarren urtekoek laguntzen diete gazteagoei egoera berriei aurre egiten, eta elkarlanean denboraldia ondo bukatuko dugu.  

Azken fase honetan zein da zuen helburua? 

L.V.: Hiru talde gara maila bakoitzean: Bizkaiko Basauri, Arabako Corazonistas eta gu. Gaur atsedena egokitzen zaigu, eta kanpoko bi taldeek jokatuko dute partidua. Gaurko jardunaldia guretzat oso baliagarria da ikusteko nola jokatzen duten aurkariek. Jubenilen kasuan, zaila izango dugu Corazonistasen aurkako partidua, baina guk dena emango dugu, prest gaude horretarako. 

O.A.: Gure kasuan, aldiz, alderantziz. Basauriren aurkakoa izango da partidurik zailena. Bata bestearen menpe gaude bigarren fase honetan, baina tira, dena emango dugu.

Igoera fasera sailkatzeko asko aldatu dituzue entrenamenduak? Nondik dator hobekuntza? 

O.A.: Aurreko denboraldian partidu bakarrera geratu ginen kadeteekin igoera fasera sailkatzeko. Aurten ez dugu estrategia edo taktika ezberdina erabili, iaz ozta-ozta ez ginen iritsi, eta aurten hortxe gaude. Entrenamendu antzekoak egiten jarraitu dugu. 

L.V.: Duela bi urte zuzendaritza teknikoa osatu genuen taldean, entrenatzaileen kudeaketa eramateko. Egia da, antolaketari dagokionez, sekulako hobekuntza nabaritu dugula. Talde horrek ezarri dizkigu helburu zehatzago batzuk, eta horietara iristeko zer egin behar dugun azaldu digute. Hori guztia oso modu orekatuan.

Zeintzuk dira zuen taldeen indarguneak eta ahulguneak? 

O.A.: Nire taldeak erritmo haundia du, oso azkarrak gara. Erasoko jokorako oso talde ona daukagu, baina defentsa lanetan oraindik asko daukagu hobetzeko. 

L.V.: Jubenilen taldean, gazteak direla kontuan hartuta, batzuetan konpromezu falta pixka bat izaten dute gutxi batzuek. Orokorrean, denek dute gogoa eta erantzukizuna. Bestalde, alde positibotzat hartzen dut oso erraz jarri didatela entrenatzaile izatea, oso gustura nago. Erraztasun haundia eman didate, eta adin horretan ez da erraza.

Ama-semeak entrenatzaile lanetan zabiltzate klub berean. Nola hasi zineten?

L.V.: Ni gaztetatik ibili naiz eskubaloian. Zortzi urterekin hasi nintzen kirola probatzen, eta 12 urterekin sartu nintzen Hernaniko Eskubaloi Taldean. 18 urte neuzkanean Ohorezko Erregional mailan jokatzeko aukera izan nuen, sekulako zortea izan zen hura, eta 6-7 urtez aritu nintzen bertan, taldea desagertu zen arte. Ondoren, 2012an berriro hasi ginen mugitzen, eta klubari buelta bat ematea lortu genuen. Kluba martxan jarri genuenean Oierrek 7 urte besterik ez zituen izango, eta 8 urterekin sartu nuen eskolan, ni entrenatzaile nintzela. Bere entrenatzailea izan naiz kadete mailara iritsi arte. Beti izan dugu oso harreman ona, eta entrenatzaile-jokalari rolak oso ondo bete ditugula iruditzen zait. 

O.A.: Ni orain senior mailan aritzen naiz, eta duela bi urte hasi nintzen amari laguntzen, bigarren entrenatzaile modura. Aurten egin dut debuta lehenengo entrenatzaile gisa, eta oso gustura nabil. Entrenatzaile izateko gogoa daukat, hasiberria naiz eta sekulako motibazioa daukat. Entrenatzaile ikastaroa ere egin dut, eta hor konturatu naiz benetan gustatzen zaidala. 

L.V.: Nire kasuan, urtebeteko atsedenalditxo bat hartuko dut ziurrenik, eszedentzia txiki bat. 12 urte daramatzat lanean, eta deskonektatzeko gogoa daukat. Ez dut sekula eskubaloia alde batera utziko, baina entrenatzaile lanetik deskantsua hartu nahi dut. Gainera, gazteak gogotsu datoz atzetik. 

Hernaniko talde gehienek denboraldi ona egin dute, ezta?

O.A.: Bai, hala da. Gure taldeei dagokienez, ez da inoiz lortu horrelako emaitzarik Hernaniko Eskubaloi Taldean. 

L.V.: Urte asko daramatzat eskubaloian, eta orain arte Hernaniko klubeko gizonezko talderik ez zen sekula iritsi Euskal Ligara sailkatzeko fase honetara. Kadete nesketan ere bi talde daude Hernanin, eta horiek ere oso denboraldi ona egin dute.  

Euskal Ligara igotzea mugarri bat izan daiteke Hernaniko Eskubaloi Taldean. 

L.V.: Bai, noski. Sekulako eragina izango du, bai klubean baita kanpoan ere. Askoz ere jende gehiago animatuko litzateke jokatzera, Euskadiko Federazioaren sarean sartuko ginatekeelako. Horrek badu garrantzia.  

Bihar garrantzitsua izango da zaleen berotasuna, ezta?

L.V.: Bai, noski. Herritarren berotasuna sentitu nahi dugu. Gainera, zortea daukagu partidu guztiak hemen jokatzen ari direlako. Oso garrantzitsua da jokalarientzat eta klubarentzat, eta harmailak beteta ikusi nahi ditugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!