Atzo arratsaldean hasi zen Hernaniko Txalaparta Festaren 37. edizioa, eta ekitaldi nagusiarekin borobilduko dute gaur, Iparragirren.
Euskal Herriko eta Kataluniako sei txalapartari bikote arituko dira gaurko jaialdian: Zuaznabartarrak, Goikoetxeatarrak, Hutsun (Nafarroa), Txotx (Bizkaia), Maizorri eta Nando Taló (Gipuzkoa-Katalunia), Egurra Txalaparta Taldea (Araba) eta Hernaniko Ttakun Ttan Ttakun Txalaparta taldea. Ekitaldia bukatzen denean bazkari goxo batekin bukatuko dute aurtengo Txalaparta Festa, Iparragirre sagardotegian bertan.
Hernaniko Txalaparta Festa Euskal Herri mailan antolatzen den txalaparta jaialdi beteranoena bihurtu da dagoeneko, eta bertako zein kanpoko musikarientzat erreferentziazko egitaraua da. 37. edizio honetan ere txalapartak eskaintzen dituen aukera guztiak ikusarazteko saiakera egin dute antolatzaileek.
Kukai Dantza Taldeak eman zion hasiera festari
Atzo arratsaldean Kukai Dantza Taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zen Biterin; Jesus Rubiok sortutako koreografiak eta Aitor Etxebarriak egindako musikak osatu zuten emanaldia. Txalapartaren zatia, berriz, Aitor Beltran Hernaniko Musika Eskolako txalaparta irakasleak konposatu zuen. Ikuskizun ederra eskaini zuten, osagai guztiak bikain uztartuta.
|
37. TXALAPARTA FESTA HERNANI GAUR 12:00 Emanaldi nagusia Zuaznabartarrak-Goikoetxeatarrak Hutsun (Nafarroa) Txotx (Bizkaia) Maizorri eta Nando Taló (Gipuzkoa-Katalunia) Egurra Txalaparta Taldea (Araba) Hernaniko Ttakun Ttan Ttakun txalaparta taldea 14:30 Bazkaria. Iparragirre sagardotegian. |