Txalaparta Festa ospatuko dute larunbatean, Kukaik 'txalaparta dantzan' jarri ondoren

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 16a, 00:25

Bihar eskainiko du ikuskizuna Kukaik, 19:30etan Biterin; eta larunbat eguerdian egingo dute jaialdi nagusia, Iparragirre sagardotegian.

Txalaparta doinuek hartuko dute Hernani, beste urte batez. 37garren edizioa izango du Txalaparta Festak, eta bihar eta etzi ospatuko dute, ekintza bereziekin.

Hasteko, dantzan jarriko dute txalaparta bihar, Biteri kultur etxean. Izan ere, Kukai dantza taldeak bere ikuskizun berriena eskainiko du bertan, izen horixe bera daukana: Txalaparta. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da saioa, eta sarrerak 8 euroan daude eskuragarri, Biterin bertan eta kultura.hernani.eus webgunean. Jon Mayak zuzendu du, eta Jesús Rubiorena da koreografia. Aitor Etxeberriak konposatu du emanaldiko musika, eta Aitor Beltran izan dute aholkulari txalaparta doinuetan.

 

Jaialdi nagusia, larunbat eguerdian Iparragirren

Biharko beroketaren ondoren, larunbatean izango du jaialdi nagusia aurtengo Txalaparta Festak. Iparragirre sagardotegian egingo dute emanaldia oraingoan, eta makina bat txalapartari ariko dira bertan, eguerdiko 12:00etan hasita. Euskal Herriko txoko askotatik etorritako taldeak izango dira tartean, eta baita kataluniarrak ere: Zuaznabartarrak eta Goikoetxeatarrak, Hutsun (Nafarroa), Txotx (Bizkaia), Maizorri (Gipuzkoa) eta Nando Taló (Katalunia), Egurra txalaparta taldea (Araba), eta Hernaniko Ttakun Ttan Ttakun txalaparta taldea.

Festa borobiltzeko, bazkaria egingo dute 14:30etan. Bertan bazkaldu nahi duenak, izena eman beharko du aldez aurretik, plazak mugatuak baitira. Horretarako, posta elektronikoz idatzi behar da, aitorbeltran@yahoo.es helbidera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!