Lorez eta landarez beteko da, beste behin, Hernaniko Urbieta kalea. Larunbat honetan izango da Lore eta Landare Azoka bereziaren 10garren edizioa, Hernaniko Udalak, Behemendik eta Dekolorek antolatuta.
12 ekoizleren postuak bisitatzeko aukera izango da oraingoan, 10:00etatik 14:30etara bitartean: Aritzkurengo Tienduka, Islaya, Flores Ganchillo, L'atelier de Su, Lore prentsatua, Ortuberri, Sara Letamendia, Semillas ecológicas, Sojo natural, Tissus artisautza, Urtinea loreak eta Zunoyar lorategia. Gipuzkoatik, Bizkaiatik eta Nafarroatik etorriko dira ekoizleak, mota guztietako lore, landare zein produktuekin: kosmetika eta medikuntza naturaleko produktuak, sendabelarrak eta artisautza.
Asteartean aurkeztu zuten azoka, Goiz Eguzkiko terrazan, Ainara Atorrasagasti Udaleko Ingurumen zinegotziak, Jaione Irazu Merkataritza eta Turismo teknikariak, eta Ainhoa Amundarain Behemendiko teknikariak. Jakinarazi zutenez, postuez gain, haurrentzako tailerrak eta txikienentzako zurezko jolasak ere izango dira.