Espainiako Erregeak Chillida Leku museora egindako bisita dela eta, ekintza aktibista egin zuen atzo goizean Sortuk, Felipe VI.a «ez dela ongi etorria» aldarrikatzeko. Protesta ekitaldian Francoren, Juan Carlos I Errege Emerituaren eta Felipe VI.aren alderantzizko irudiak jarri zituzten Zinkoenean, «frankismoaren eta gaur egungo erregimenaren artean hausturarik ez dagoela irudikatzeko». Gainera, botoi haundi bat jarri zuten plazaren erdian, edonork sakatu eta Espainiako ereserkia txistukatzen duen audioa entzuteko.
Sortuko zenbait kidek eta herritarrek hartu zuten parte ekitaldian, eta Lur Albizuk eta Paul Lakak, Sorturen Nafarroako eta Bizkaiko arduradun politikoek, hartu zuten hitza: «Felipe VI.a 78 erregimenaren zutabe nagusienetako bat da, Francok ongi lotuta utzi zuen erregimen horretako zutabe nagusienetakoa».
Sortutik nabarmendu zuten frankismoak «estatu egituretan errotuta» jarraitzen duela: «Botere ekonomikoan, justizian eta segurtasun indarretan jarraitzen du. Hemendik diogu eskuin erreakzionarioa gelditzeko modu bakarra frankismoarekin haustea dela, estatu aparatuetatik atera dadin eta 78tik egin gabe dagoen demokratizazioari ekitea dela bidea».
Hitzartzea amaitzeko, erregenerazio demokratikoan jarri zuten azpimarra: «Ez dago erregenerazio demokratikorik frankismoarekin hautsi gabe, estatu aparatuak garbitu gabe eta erregimen honen erroko auziari heldu gabe. Ezinbestekoa da Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren nazio izaera aitortzea. Gora Euskal Errepublika!».