Egun berezia zen atzokoa, Chillida Leku museoarentzat. Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ari da ospatzen, eta horretarako prestatutako ekintzen artean, mugarrietako bat aurkeztu zuen atzo: Eduardo Chillidaren 100 urte Telefónica Bildumarekin erakusketa, mendeurreneko erakusketa nagusia izango dena.
Museoko Zabalaga baserrian egin zuten aurkezpena, erakusketan parte hartu duten eragileek: Luis Chillidak (Eduardo Chillida eta Pilar Belzunce Fundazioaren presidentea), Mireia Massaguék (Chillida Lekuko zuzendaria), Azahara Domínguezek (Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatua) eta Luis Prendesek (Telefónica Fundazioko zuzendari nagusia).
Eta aurkezpenaren ondoren, eguerdian, Felipe VI.a Espainiako Erregea izan zen Chillida Lekun, museoak gonbidatuta, erakusketa inauguratzeko. Bertan izan ziren, baita ere, Ángel Victor Torres Espainiako Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa; José María Álvarez-Pallete Telefónicako zuzendaria; eta beste hainbat ordezkari politiko.
Eduardo Chillidaren 80ko hamarkadako lanak, ikusgai
Telefónica Bildumak Chillidaren 41 pieza dauzka, eta horietatik 10 eskultura jarri dituzte ikusgai Zabalagan, baserriko bi solairuak hartzen dituen erakusketan, Chillidak 90eko eta 2000ko hamarkadetan egindako pieza batzuekin osatuta. Aurreko hamarkadakoak, 80koak, dira Telefónica Bildumako piezak, eta horien bitartez ikusi daiteke, «Eduardo Chillidaren ibilbide artistikoan hamarkada erabakigarria» izan zela: etapa horretan egin zituen neurri monumentaleko lan publikoak, eta «modu intimoan» sakondu zuen «kontzeptu artistiko eta proiektu berrietan».
Mireia Massaguék nabarmendu zuen, «oso erakusketa berezia» dela ikusgai jarri dutena: «Aurrenekoz museora datorrenak, ezezagun duen Chillida bat topatuko du; eta normalean etorri ohi denak, berrituta aurkituko du Zabalaga baserria».
Chillidaren figura eta bere obra goraipatu zituen Azahara Domínguezek: «Gipuzkoarentzat ikono bat da Eduardo Chillida, Donostiarentzat Kontxako badia den bezalaxe». Bi mendeurren ospatzen ari direla gogorarazi zuen Luis Prendesek, Chillidaren jaiotzarena, eta Telefónicaren sorrerarena; eta ospakizun horretan erakusketa antolatzea «plazer haundia» dela nabarmendu zuen. Eta azkenik, ildo beretik aritu zen Luis Chillida ere, eskerrak emanez erakusketa posible egin duten guztiei.
Gainera, aditzera eman zuten beste hainbat jarduera izango direla urte osoan zehar, mendeurreneko ospakizunen barruan: bisita dinamizatuak eta komentatuak, familientzako tailerrak Maushausen eskutik, helduentzako sorkuntza tailerrak, hitzaldiak (Beatriz Matos arkitektoarena, besteak beste), dantza emanaldiak, ongizatera bideratutako jarduerak...