Baserritarren Eguna ez ezik, Isidro Ansorena Eleizegi txistulariaren jaioteguna ere bada maiatzaren 15a; «Hernanik emandako txistulari haundienarena», Hernaniko Herri Musika Elkarteak nabarmendu duenez. «Egun Leokadisti etxea dagoen tokian jaio zen, eta datorren urtean 50 urte beteko dira bere heriotzatik». Hori horrela, urteurren borobila ospatzeko, urte osoan zehar hitzaldi bat emango dute herri ezberdinetan, eta Hernanin eskainiko dute gaur aurrenekoz. Sandiusterriko areto nagusian izango da, 18:00etan hasita, eta Jose Ignazio Ansorenak eskainiko du. Hitzaldia emateaz gain, Isidro Ansorenaren piezak interpretatuko ditu, Aitor Arozenarekin, Jon Ansorenarekin eta Agustin Laskurainekin batera.
Hitzaldia bukatzean, 19:15ak aldera, kalejiran abiatuko dira Hernaniko eta inguruko txistulariak, Sandiusterritik Kaxkorantz. Kale buelta egingo dute bertan, Isidro Ansorenaren piezak joz. Bukaeran, lagunarteko afaria egingo dute txistulari guztiek, Xalaparta elkartean.